Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Asparrena, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
A.A.| EiTB
Araban, Aguraingo Kuadrillan kokatutako udalerria bisitatuko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik.
Araba aldera joango dira gaur Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, Aguraingo Kuadrillan kokatutako Asparrena udalerria bisitatzera. Bertara iristeko, Arabako suhiltzaileen kamioiaz baliatuko dira, baina baita jolasteko ere.
Hasteko, Pagadik Asparrena udalerria osatzen duten 10 herrietako biztanleen ezizenen berri jasoko du. Gero, Diegoren oilo bereziak ezagutuko ditu: arrautzak edozein tokitan jartzen dituzten oiloak. Pagadi arrautzak bilatzen arituko da. Baina ez da bilaketa bakarra izango. Gordoa herrian Pepi behiaren bila arituko da bere jabearekin, Garikoitzekin. Amaitzeko, Karlak "Kangoo Power"aren berri emango dio, eta Mikel ariketa egiten jarriko du.
Zuhaitzek, berriz, txufa-esnea edo hortxata egiten eta probatzen hasiko du eguna. Baina ez edonorekin. Txufamix izeneko tresnaren sortzailearekin! Asparrenako hirigune nagusian, Araian, Miren eta Erkuden ama-alabekin elkartuko da. Txalapartaria bata, dantzari modernoa bestea. Bi mundu eta bi garai desberdin hauen fusioaren lekuko izango da Zuhaitz. Bestetik, El Nene ezagutuko du Gurrutxagak, Asparrenan dagoen Miko izozki enpresako langileetako bat. Amaitzeko, Andoin herriko festetan ateratzen duten garraio bitxian igota ikusi ahalko dugu Zuhaitz.
Gauza hauek eta beste asko ikusi ahal izango ditugu gaur ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, 22:00etan.