Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Amasa-Villabona, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EITB

Denboraldiko azken bi saioak bi aurkezleen herrietan izango dira: Amasa-Villabonan eta Elgoibarko Aiastia-San Migel auzoan.

0:25

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren denboraldi honetako azken bi saioak bereziak izango dira oso. Azken bi atalak bi aurkezleen jaioterrietatik bertatik egingo dira. Horregatik, igande honetako emankizunean, 'Herri Txiki' saioa 'Jaioterri Txiki' izango da. Zuhaitz eta Pagadi Amasa-Villabonara (Gipuzkoa) gerturatuko dira bazterrak nahastera, Pagadiren beraren jaioterrira. Saio berezia izango da, herri txikietan hain ohikoak diren istorio irrigarriez gain, Pagadiren beraren bitxikeriak ezagutuko ditugu haren familia eta lagunen eskutik besteak beste. Hurrengo igandean, Zuhaitzen jaioterria bisitatzeko txanda izango da. Elgoibarko Aiastia-San Migel auzora gerturatuko dira biak.

Amasa-Villabonari dagokionez, Zuhaitzek Pagadiren koadrilan muturra sartuta hasiko du eguna. Kolonbo ezagutuko du lehenik, izengoitia Italiako futbol jokalari batengatik hartu zuen laguna. Haren esanetan Pagadi ez omen da batere ona futbolean, baina beste inork baino hobeto animatzen ditu lagunak. Gainera, Asier lagunaren eskutik, Pagadik eta koadrila osoak nerabezaroan egindako pelikula bati buruzko sekretuak ezagutuko ditu Zuhaitzek: La jungla de escayola pelikula.

Bidean aurrera eginda, Jexuxa ere ezagutuko du Zuhaitzek, 96 urte izanagatik sekulako sasoia duen emakumea. Jexuxak hiltzen denean, zerura beharrean, nahiago du infernuan bukatu, haren esanetan, toreroak eta dantzariak baitaude bertan. Amasako inguruetara joanda, berriz, Juanito ezagutuko Zuhaitzek, baserrian bakarrik eta pozik bizi den baserritarra. Juanito garai zaharretako bizimoduari lotutakoa da. Eguna Villabonako Amaiur denda bisitatuz amaituko du Zuhaitzek. Bertan Pagadiren amak eta izebak egiten dute lan, eta Pagadiri buruzko hainbat bitxikeria kontatuko dizkiote Zuhaitzi

Pagadik, bere partetik, herriko jende ezaguna aurkituko du bidean. Juan Mari Mujikak, esaterako, nordic walking delakoari buruzko sekretu guztiak kontatuko dizkio Pagadiri eta ibilera osasuntsua egiteko teknikak erakusten ahaleginduko da.

Villabonako plaza nagusira iritsita, ezinbestean, herrian hain indartsua izan den errebote kirolari buruz mintzatuko da Pagadi. Villabonako plaza 'Errebote plaza' bezala da ezaguna, eta bertan aurkituko ditu Karli, Jesus Mari eta Iñaki. Juan Mari Ezkioaga ere topatuko du Pagadik herrian. Gertuko lagunak dira biak, eta elkarrekin joango dira margarita bana hartzera. Bitxia da Juan Marik hartu ohi duen margarita, ez baitu alkoholik; infusioaren gisako zerbait da edaria. Azkenik, eta bukatzeko, Pagadik, bere ostatu kuttun horietako bat ere bisitatuko du: Rainbow. Erabat ostatu rockeroa, bertako jabea, Estanis, garai bateko rock gogorraren maitale eroa baita.

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ohi bezala, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.