X

Irratia zuzenean

Elgoibarko Aiastia-San Migel auzoan izango da Herri Txiki

Herri txiki Infernu handi

22:00etan

Elgoibarko Aiastia-San Migel, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EITB

2018/05/13

Zuhaitz Gurrutxagaren sorlekuan izango dira bi aurkezleak denboraldi honetako azken saioan.

0:25
  • Whatsapp
  • Bidali

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren denboraldi honetako azken atala izango da ikusgai gaur. Aurreko astean Pagadiren jaioterria bisitatzen aritu ondoren, Zuhaitzen sorlekuan ibiliko dira bi aurkezleak bazterrak nahasten. Elgoibarko Aiastia-San Migel auzoan izango dira hango auzokideak eta bitxikeriak ezagutzen. Bertara, gainera, rallysprint batean izena emanda iritsiko dira.

Zuhaitzek bere gertuko auzokideak bisitatuz hasiko du eguna. Hasteko, Juanito topatuko du. Juanito itsua da. Umetan hasi zen ikusmena galtzen, baina horrek ez dio inolaz ere irribarrea kendu. Itsua izan arren, zinemara joan izan da, eta, gustatu izan zaizkio pelikulak. Horretaz gain, irrintziak ere botatzen ditu tarteka, nahiz eta medikuak galarazia dion.

Pakitaren eskutik, berriz, gerrako garaiak gogora ekarriko ditu Zuhaitzek. Pakitak ondo gogoan ditu garai hartako kontuak, borroka frontea haien baserriaren erdi-erdian egon baitzen kokatuta. Hain zuzen ere, Aiastia-San Migeleko inguruak giltzarri izan ziren 1936ko gerran. Eusko Gudarosteak bertan egindako erresistentzia lanak frankisten aurreratzea eragotzi zuen. Irabazitako denbora tarte horri esker, besteak beste, eratu ahal izan zen Euskadiko lehendabiziko gobernua.

Bisita eguna familiako kideak agurtzeko ere baliatuko du Zuhaitzek. Osaba Angelen eskutik makina bat bitxikeria ikasiko ditu. Osaba Angelek trenbide txiki bat ezkutatzen du bere kortan. Ardiak jezteko tresna bat da, berak asmatua, esnea batzea errazagoa egin dakion. Ez da baina osabak ezkutatzen duen sekretu bakarra, western generoko liburu eta film andana baititu etxean.

Eguna bukatzeko, aita bisitatzera joango da Zuhaitz. Etxaurrean eserita eta ardo bana hartuaz kontu-kontari jarriko dira aita-semeak. Zuhaitzek berak ordura arte jakin gabeko hainbat sekretu deskubrituko ditu aitaren ahotik. Elkarrizketa zinez hunkigarria izango da Zuhaitzen azken hau.

Pagadik, bere partetik, auzoaren beraren bitxikeriak ezagutzen hasiko du eguna. Agustin auzotarrak azalduko dio Aiastia-San Migel auzolanari estuki lotutako auzoa dela. Dela ermita bera, dela elkartea, dela frontoia, dena auzolanean dago egina. Bide batez, Zuhaitz mezalagun lanetan hasi zeneko ermita nolakoa den ere erakutsiko dio Agustinek Pagadiri.

Auzoko inguruetan aurrera eginda, berriz, Nieves ezagutuko du Pagadik. Nieves Zuhaitzen izeba da, baina horretaz gain, baita auzoko maiordomoa ere. Bera arduratzen da San Migel ermitaren sukurtsala atontzeaz. Dioenez, San Migelekiko debozio handia egoten da, baina baita negozio txiki bat ere. Antza, bertara botatako limosnak lapurtu izan ditu ibiltariren batek. Horretarako, baina, segurtasun sistema berezia dute auzoan.

Zuhaitzen ama ere ezagutuko du Pagadik, Maite. Bere adiskidearen gelan sartuko du muturra Pagadik eta amak Zuhaitzen txikitako hainbat bitxikeria kontatuko dizkio.

Bidean aurrera eginda, Tomasekin ere egingo du topo Pagadik. Tomas batetik bestera aritzen da auzoko festak prestatzeko zozketa txartelak saltzen. Txahala da auzoan zozkatzen den saria eta berau ezinbestekoa da auzoko festak finantzatzeko.

Miguelen eskutik, aldiz, festetan ezinbestekoa den beste ekintza bat ezagutuko du Pagadik: txirlo jaurtitzea. Miguelek sarri egiten ditu entrenamenduak, oraino ez baitu sekula eskuratu festetako saria: motozerra bat. Pagadiri txirloak ganoraz botatzeko teknika zein den erakutsiko dio. Bere esanetan, lagungarria omen da puru dominikar bat erretzea.

Historia hauek eta gehiago, gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ohi bezala, eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Aiastia-San Migel auzoko saio hau denboraldiko azken atala izango da.

Datozen asteetan, herrietatik hirietara egingo dute jauzi bi aurkezleek, 'Herri City' bost saio berezi eskaintzeko.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea
Prentsa Aretoa Prentsa oharrak, deialdiak, agenda, fototeka,… Prentsa Aretoa
Ur Handitan Gizarteko gaien erreportaje sakonak Ur Handitan
Gure Kasa Gazteen intereseko gaiak Gure Kasa
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena