Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Amaiurren ekingo dio 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak seigarren denboraldiari gaur
EiTB
Herri txikietako altxor ezkutuak eta pertsonaia kuriosoak erakusten jarraituko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik igandero, ETB1en eta eitb.eus-en.
Euskal herri txikiek altxor asko dituzte gordeta: paraje ezkutuak, ofizio eta ohitura zaharrak, xelebrekeriak, eta kontatzeko moduko bizipenak dituzten emakumeak eta gizonak. Ehundik gora herri bisitatu dituzte honezkero Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, baina euren jakin-mina ez dute asetu, eta ibilbide berri bati ekiteko prest dira. Amaiurren, Nafarroa Garaian, ekingo diote 'Herri Txiki, Infernu Handi'ren denboraldi berriari gaur gauean.
Dagoeneko Euskal Herri osoko 117 herri bisitatu dituzte Zuhaitzek eta Pagadik, eta ilusioz beterik bueltatu dira herri gehiago ezagutzeko. Berriz (Bizkaia), Añorga (Gipuzkoa), Trebiñu (Araba) eta Igantzira (Nafarroa) joango dira datozen asteetan. Ohi bezala, herri bakoitzean bizitakoak oholtzara eramango dituzte eta umorez betetako elkarrizketak eskainiko dituzte, Sebastian Lizaso bertsolaria lagun dutela.
Amaiur
Baztan bailarako iparraldean kokatuta dagoen herri txiki eta ederra ezagutzeko parada izango dugu lehen atalean. Pagadik Amaiurren dauden bunkerretako bat ezagutuz ekingo dio bisitari, Felisa izeneko emakumearekin batera. Francok ere bisitatu omen zuen bere garaian. Axunekin, lehen aldiz, patinetan ibiltzeko aukera izango du. Juan Marik Amaiurko gazteluaren historia kontatuko dio, eta Julianek herri sarreran dagoen arkuaren berri emango dio. Kamioi batek bota egin zuen orain dela 30 urte, eta herritarrek auzolanean berriro ere eraiki zuten. Mieljorekin Amaiurren ligatzeko erabiltzen diren taktikez hitz egingo du.
Zuhaitzek, berriz, eguna Xantirekin hasiko du, 'menestra de cerdo' gosaltzen. Maritxuri kotxea gidatzea asko gustatzen zaio, eta, nahiz eta 84 urte izan, ez du inoiz arazorik izan. Carmenek 90 urte ditu, eta orduak pasatzen ditu gurutze-puntua egiten. Hiru urte daramatza bere azken lana egiten: Van Gogh-en Los lirios margolana. Eta, azkenik, Beñardok eta Maitek beren maitasun istorioa kontuko diote Zuhaitzi. Noiz ezagutu zuten elkar, nola...
Historia horiek eta gehiago gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.