Herri txiki, Infernu Handi
ETB1en, 22:00etan
Igantzi, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Bosgarrenez joango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Bortzirietara.
Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren atalean, Zuhaitz eta Pagadi bosgarren aldiz izango dira Bortzirietan; kasu honetan, Igantzin.
Pagadik Igantziko txoko magikoena ezagutzeko aukera izango du: San Juan Xar. Pili Iturbide izango du bidelagun, eta, leku horren historia ezagutzeaz gain, iturrien errituala ere egingo dute. Ondoren, Jose Luis Antxordoki bisitatuko du. Antxordoki gaztetan Ameriketan egon zen lanean, eta hango kontuez arituko dira. Joxe Luis Antxordoki artzain izateko asmoarekin joan zen Ameriketara, baina sukaldari lanetan aritu zen, txarra omen zelako artzain lanetan.
Igantzitik kanpo, herritik bost minutura dagoen auzo bat ere ezagutuko du Pagadik: Berrizaun. Auzoa herritzat hartzen duen Eneko Telletxea gazteak auzoko hanka-jokoa zer den azalduko dio, baita hanka depilatu ere. Igantzira bueltan, herriko tradizioarekin egingo du topo: Rober Txoperenak banderaren dantza erakutsiko dio.
Zuhaitzen kasuan, lehenik, Angelita topatuko du, etxeko balkoian, aparteko gosaria egitear. Angelitak Cola Cao gosaltzen du, eta biek batera gosalduko dute. Hala ere, Angelitak badu gutizia gustukoagorik: Petit Suisse-ak. Gazta fresko modukoak dira, eta Zuhaitzek ere probatuko ditu. Gosaldu ostean, Angelitaren dendara jaitsiko dira; Igantzin dagoen denda bakarra da, eta, gaur egun, Angelitaren alabak egiten du lan bertan: Marijok.
Jarraian, Mari Carmenen ostatura joango da. Igantziko El Corte Inglés izandakoa taberna bilakatu da. Bertan ezagutuko du Anuntxi, goizero bertan kafea hartzen duen emakumea. Anuntxik berak egindako bizkotxoa eramaten du kafearekin batera hartzeko, eta ostatuan bertan gordetzen du bizkotxoa, hurrengo egunerako. Horrez gain, Xorroxineko berriemailea da, eta baita irrintzilari aparta ere. Bizkotxoa jan ostean, dietan dagoen Plaxen-ekin topo egingo du Zuhaitzek. Plaxenek pisua galdu behar du, eta intxaurrak gosaltzen ditu, osasuntsuak direlako. Purua da Plaxenen jainkoa, eta Revillaren liburuak irakurtzen ditu, Kantabriako presidentearen fana baita.
Azkenik, Zuhaitzek basoko lanak egingo ditu Bidal Etxarterekin batera. Bidal basozaina da, eta termoa prestatu, eta mendian bazkaltzen du egunero; siesta laburra ere egiten du, kotxean. Lan apur bat egin ostean, batera bazkalduko dute, eta Bidalek etxean dituen bonsaiak erakutsiko dizkio.
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.