Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:30ean

Lezama, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EiTB

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik herriko bitxikeria eta bizilagun xelebreenak ezagutuko dituzte.

0:29
'Herri Txiki, Infernu Handi' Lezaman.

Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Lezama ezagutuko dute. Herriko bitxikerien berri jaso eta bizilagun xelebre ugari izango dituzte igandeko atalean.

Pagadik Lezamako instalazioetara egingo du bisita, Teresin izeneko emakume adoretsua ezagutzeko asmotan. Teresinek urte andana darama futbol zelaiei itsatsita bizitzen; klubari lursaila saldu ez zioten bakarretakoa da bera, eta horrek zer eragin izan duen kontatuko dio villabonatarrari. Segidan, Pagadik herriko ermitara joko du, eta flamenko doinuak dantzatzen topatuko du Esperanza Bilbao, grazia handiko emakume bermeotarra. Dantza estilo mordoa erakusteaz gain, ermita barruan entseatzearen berezitasuna azalduko dio Pagadiri. Hurrengo protagonista traktore gainean topatuko du Pagadik, belardia txukuntzen. Ugaitzek ez du astirik galduko berdegunean zer egiten duen azaltzen; zuzenean, bere rally autoa martxan jarriko du, eta bertan bueltaka hasiko da entrenatzen. Pagadik kopilotu lanak egingo ditu, eta bere afizioaren inguruko bitxikeriak jakingo ditu; besteak beste, Euskadiko Txapelketa irabazi zuela, lasterketa bat bera ere irabazi gabe. Azken gonbidatua Eduardo izeneko artista izango da, kale-garbitzailea eta perretxiko zalea. Lana eta afizioa uztartzen ditu Eduardok; horretaz berehala jabetuko da Pagadi, basoan topatzen duenean txaleko islatzaile bat soinean duela perretxikoak biltzen.

Zuhaitzen kasuan, 88 urteko emakume nekaezin bat ezagutzeko aukera izango du: Justa Andikoetxea. Oinez ibiltzeko zailtasunak dituenez, taka-taka propioaren laguntzaz, etxeko atarian bueltaka topatuko du Zuhaitzek; eta, hori gutxi balitz bezala, Zuhaitzi berari ere itzuli bat emango dio, garraio publiko bat balitz bezala. Justak tomateak eta piperrak saltzen ematen du eguna etxeko garajean, eta Zuhaitzek ale batzuk hartuko ditu etxerako. Orduan, Justaren aparteko abilezia argitara aterako da: pisua bete-betean asmatzeko dohaina. Pagadiren moduan, Zuhaitz ere Lezamako futbol zelaien mugaraino joango da. Baserriko lurretan topatuko du Andoni, idiak entrenatzen, futbolariak eguneko lan-saioa egiten ari diren bitartean, 100 metro eskasera. Entrenamendua amaitu eta gero, Andonik hauspoa bere onera ekartzeko sekretua erakutsiko dio Zuhaitzi: txakolina gaseosarekin. Behin indarberrituta, landa eremutik kalera joango da Gurrutxaga, herriko dendarik ospetsuena ezagutzera: Josune Janari Denda. Josunek negozioaren gorabeherak kontatuko dizkio; adibidez, erromesentzako jakien txokoa erakutsiko dio, eta biek batera bazkalduko dute. Lezamako bisita borobiltzeko, Zuhaitzek grazia handiko tertulia bat izango du. Bi emakume zain izango ditu jesarrita, Karmen eta Karmen, txikitatik harreman estua duen lagun parea. Hegazkin mordoa igarotzen da Lezamatik metro gutxira, eta bikote honek esplikatuko dio ipar haizea dagoenean eta hego haizea dagoenean hegazkinek nolako joera izaten duten; eurentzat, ekialdeko eta mendebaldeko haizerik ez da existitzen.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.