Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Luzaiden izango da 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa gaur gauean

EiTB

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Luzaideko bizilagunekin egongo dira.

0:29
'Herri Txiki, Infernu Handi' Luzaiden.

Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Zuhaitz eta Pagadi Luzaiden egongo dira, Nafarroa ipar-ekialdean, Nafarroa Behereko muga ondoan.

Pagadik Maider ezagutuko du. Luzaideko banatzailea da, eta ogia eta egunkariak eramaten ditu egunero Iruñetik Luzaidera. Astean behin, lan berezi bat ere egiten du: osasun etxean egindako odol analisietarako potoak Iruñera eramaten ditu, bertan azter ditzaten. Galduta zegoen eta Luzaiden berreskuratu duten postre bat ekarriko digu Lourdesek: Katalanbrotxa. Egun berezietan egiten zen, eta 1790 inguruan Napoleonen tropekin etorritako pastelgile batek ekarri zuen. Postre hori egitea zein nekeza den erakutsiko digu. Hiru urtean usorik ehizatu ez eta, hala ere, egunero ehizara joaten den Ramon ezagutuko du gero. Ehizatik bueltan aurkituko du, eta egunero indarra ematen dion gosaria hartzera gonbidatuko du Pagadi. Eta, bukatu aurretik, Luzaideko Bolantak. Jantzi eta dantzak erakutsiko dizkiote Maria Angelesek, Axierrek eta Oihanak.

Zuhaitzek, berriz, Patxi ezagutuko du, eta istripu bat izan ostean errehabilitazioan besoa indartzeko erabiltzen dituen metodoak erakutsiko dizkio. Anabelek Luzaideko eskolak Arnegiko eskolarekin batera duen proiektuaren berri emango digu. Bi herrietako haurren arteko harremanak landu, hizkuntza ezberdinak modu integratuan ikasi eta bi eskolen iraupena bermatzea du helburu proiektuak. Juan Bautistak eta Beronikak Ameriketan ezagutu zuten elkar, eta bertan ezkondu, eta Luzaidera etorri ziren bueltan: senar-emazte horiekin ere egongo da Zuhaitz. Ameriketan bizitako urteei buruz arituko da beraiekin. Azkenik, Juan Miguel ezagutuko du, gerriko poltsa beti aldean eramaten duen herritarra, gauzak poltsikoan eramatea baino praktikoagoa iruditzen zaiolako. Saxofoia jotzen du Juan Miguelek, eta izaten dituen eskaera berezi batzuen berri emango dio.

Horiek guztiak eta gehiago izango dira ikusgai gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.