Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Elantxobe, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Zuhaitz eta Pagadi Bizkaiko kostaldean izango dira, Busturialdean, bertako berri jakiteko.
-
Mikel Pagadi Elantxoben. Irudia: EiTB
Gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Zuhaitz eta Pagadi Bizkaiko kostaldean izango dira, Busturialdeko herri batean, zehazki: Elantxoben.
Herriaren inguruko xehetasunak emango dizkio Pagadiri Jose Marik, Elantxobeko aguazilak, herrian giltza gehien duen pertsonak. Herriko hainbat zeregin hartzen ditu bere gain Jose Marik: kaleak garbi mantendu, jaietan sardinak erre, txofer lanak egin... Haren lankideak ere ezagutuko ditu Pagadik; ez nolanahiko lankideak, gainera: urtean 365 egunez eta 24 orduz egiten dute lan! Horrez gain, Mertxerekin elizara igoko da, eta bertako patroiaren eta figuren berri izango du. Eta elizaren berezitasuna ere ezagutuko du. Bestalde, herriko zaldunarekin ere izango da Pagadi; Elantxobek badu-eta zaldian atzera eta aurrera ibiltzen denik. Haien gainean paseatzeaz gainera, zaldiekin coaching-a egiten du Josebak. Azkenik, Patxi eta Zuberoa ezagutuko ditu arraun elkartean, eta, beraiekin, Pagadik arraunerako duen abilezia erakutsiko du.
Zuhaitzek herriko aldapen desnibela nolakoa den ondo ikusiko du Rosa Marik lagunduta. Ondoren, Pedrok, Sosobal-ek, komunera joateko zer sekretu duen erakutsiko dio Zuhaitzi; orain arte inoiz horrelakorik entzun gabea zen Zuhaitz. Gainera, Elantxobeko aldapekin nahikoa ez duen bizilagun bat ezagutuko du, Crispin, eta, haren bitartez, 'munduko gimnasio onena'. Osasuntsu mantentzeko neurriak erakutsiko dizkio: etxean, dena light eta 0,0. Azkenik, Santi taberna parean aurkituko du portuko tabernaria izandako Ramon. Tabernariak ondo gogoan ditu Elantxobeko denboraleak; berak ikusi izan ez balitu ez luke kontatutakoa sinetsiko.
Istorio hauek eta gehiago izango dira ikusgai gaur gauean, 22:00etan hasita, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Aurreko atal guztiak EiTB Nahieran zerbitzuan daude ikusgai.