Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Sopuerta, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EiTB
Bizkaiko Enkarterrin izango dira oraingo honetan Zuhaitz eta Pagadi.
Bizkaiko Sopuerta herria hartuko du protagonista aste honetan "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak.
Sopuerta ezagutzen hasteko, Alkain Oriberen laguntza izango du Pagadik. Zabalera handiko herria da, eta inguru oso malkartsuan dago. Ondorioz, herriak dituen sei auzoen barnean auzotxoak daude (19 guztira). Euskal meatzaritzaren historian garrantzi handia izan zuen Sopuertak joan den mendean; izan ere, Espainiako estatutik bertara lanera joan ziren familia ugari hartu zituen herriak. Gaur egun 2.500 biztanle inguru dituen arren, 1910ean 5.067 biztanle ere izan zituen. Bigarrenik, Endikaren eskutik, herrian oso errotuta dagoen kirol bat ezagutu eta praktikatzeko aukera izango du Pagadik: pasaboloa. Tradizioz Enkarterrin eta inguruetan garrantzi handia izan duen eta duen bola-jokoaren modalitate bat da.
Zuhaitzek, berriz, Arrate eta Xabierrekin hasiko du eguna. Sopuertarra da Arrate, eta gernikarra Xabier. Gernikarekin alderatuta, herri lasaiegia omen da Sopuerta Xabierrentzat. Bien arteko ika-miken lekuko izango da Zuhaitz. Alen auzoan ibiliko da Zuhaitz ondoren, eta, bertan, Mikelek auzoaren historia kontatuko dio. Alen auzoak 2.000 biztanle inguru izan zituen XX. mendearen hasieran; egun, bi baino ez ditu. Meatzarien auzoa izan zen Alen, eta bertako langileek euren eskubideen alde egindako borroken berri emango digu Mikelek. Dinamitarekin moztu zuten orduko langileek Alen eta Castro Urdiales lotzen zituen trenbidea.
Meatzaritzarekin lotuta, garai bateko lana kirol bilakatu da egun, eta horren berri emango digu Susana harri-zulatzaileak. Pagadi izango da berarekin, eta dinamita kartutxoak kareharrian sartzeko egiten zituzten zuloak nola egiten ziren erakutsiko dio. Nerearekin egingo du topo Pagadik gero. Bertako hiru animalia arrazen berri emango dio: Enkarterriko billano zakurra, Karrantzako ardia eta bertako astoa.
Castaño auzoko La Letxuga jaietan egiten den Turkia lasterketa zertan datzan azalduko dio Rubenek Zuhaitzi. Bizikleta gainean, maldan behera amiltzen dira txirrindulariak, ahalik eta urrutien irisi arte. Lasterketa honek bi berezitasun ditu: bizikletak ez dauka pedalik, eta maldan behera hartutako abiaduraz eta inertziaz baliatuz ahalik eta urrunen iritsi behar du txirrindulariak; eta bizikletak ez dauka frenorik.
"Herri Txiki, Infernu Handi" saioa igandero izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.


