Herri txiki, Infernu Handi
Gaur gauean, 22:00etan
"Etxe Txiki, Infernu Handi" saioan, konfinamenduan sortutako une dibertigarriak
EiTB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik etxealdian sortutako une dibertigarriak bilduko dituzte urteotako gonbidatuen laguntzaz.
Konfinamenduan bizitako egoera umoretsuak etxeko lau pareten artetik aterako dituzte "Etxe Txiki, Infernu Handi" saioan. Igande honetan ere, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik etxealdian sortutako une dibertigarriak bilduko dituzte urteotako gonbidatuen laguntzaz.
Besteak beste, Karlak Kangoo Power egiten irakatsi zion "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan Pagadiri, eta igandean ere berehala jarriko ditu bi aurkezleak martxan, ziur. Itziarko Joxepak, berriz, 88 urterekin, ez du irakasleen beharrik, argi erakutsi baitigu Pagadi eta Zuhaitz baino hobeto aritzen dela ariketak egiten. Eta gorputzean kontzentratzen ikasiko dugu Omkar eta haren yoga ariketei esker.
Bestalde, bada konfinamenduan lanean ari denik ere, horren adibide dira Xabier eta Beñat: lehenak gasolindegi batean egiten du lan, eta bertako egoera azalduko digu, eta bigarrenak zahar-egoitzetako errealitatearen berri emango digu.
Amaitzeko, Hegoi Txapito Guzmanekin izango dira (ez du trikitia albo batera utzi, eta, musikaren laguntzaz, irribarre egiteko aukera izango dugu) eta Kornerrekuko lagunak taberna itxita nola ote dauden ikusiko dugu, Asierren bitartez.
Une barregarriz betea izango dugu, gaur gauean, "Etxe Txiki, Infernu Handi" saioa, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.