Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Abadiño, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EITB
Zuhaitzek eta Pagadik Durangaldeko Abadiño herria eta bertako bizilagunen istorioak ezagutuko dituzte igande honetan.
Abadiño izango da Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan ezagutuko duten herria.
Azukrea bapo janda hasiko du eguna Zuhaitzek; horixe baita ajearen aurkako errezeta magikoa Txibisentzat: ura azukrearekin, kafesne hotza azukrearekin eta uraza ere azukrearekin. Horrekin guztiarekin nahiko ez eta Mikel Berrojaldiz harakinarenean ere bapo jango du Zuhaitzek. Umore onagatik eta genero bikainagatik da ezaguna Mikel, izen onekoa eta apetitu bikainekoa. Bere berezitasuna: odolosteak eta tripakiak. Jandako guztiak erraz erreko ditu Zuhaitzek Axunekin, Abadiñoko giputxarekin. Aian jaio eta Abadiñora ezkondu zen Axun, eta lana besterik ez du egin bizitza osoan. Kastadun emakumeak fin ipiniko du Zuhaitz. Eguna hilerrian amaituko du Elgoibarko aurkezleak, baina aldarte ona galdu gabe. Bere lana umore bikainaz egiten duen enterradorea baita Jose Antonio Salterain, Puro Relajo rantxera talde nafarraren zale amorratua.
Pagadik, aldiz, Anbotopean hasiko du eguna, Iker Azkorbebeitiaren paradisu partikularrean. Han ditu abereak eta Urtz txakurra ere bai; antzarak, ahateak eta zoologiko oso bat ere gobernatzeko gai den artzain txakurra. Sorpresa handiena, baina, baratzean topatuko du, meloiak hazten baitira Ikerren lurretan: Anbotopeko meloiak. Durangoko mugara hurbilduko da gero Pagadi, hantxe duelako etxea Javier Olasok; uharte baten modura, merkataritza guneek inguratuta geratu da Murueta baserria. Pozik bizi da hala ere Javier eta, erretiroa hartu zuenetik, traktore zaharrak konpontzen ematen du denbora. Matiena auzoan, bestalde, Hunberto Gallastegirekin egingo du topo Pagadik, eta haren etxera igoko da etxeko menuak nola prestatzen dituen ikustera. Familian lau lagun eta bakoitzak menu desberdina. Ardo gorriarekin prestatutako kalimotxoaren sekretuak ere kontatuko dizkio eta luzapen berezi samarrak ere egingo dituzte. Bukatzeko, Gerbas trobadorearen eta Abadiñoko festetako protagonistaren historia ere ezagutuko du Villabonako aurkezleak.
Historia hauek eta gehiago, gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.