Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Adunan izango da, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa
EITB Media
Tolosaldea eskualdean kokatutako herria ezagutuko dute Zuhaitzek eta Pagadik.
"Herri Txiki, Infernu Handi" saioak Gipuzkoako Tolosaldean kokatuta dagoen Aduna herrira egingo du bisita gaur.
Javier Zabalak egingo dio harrera Pagadiri. Zabala Adunako alkate izandakoa da eta herriko kontuak izango ditu hizpide gure aurkezlearekin, hala nola, elizako kontuak, axeri dantza eta oilasko jokoa. Adunako festetako maskota ere aurkeztuko du. Behin herriari buruzko informazioa bilduta, Adunako emakumerik ospetsuena ezagutuko du, EITBko iragarki batean ateratakoa: Bibiana. Bibik 75 urte ditu eta izugarrizko sasoia du; egunero, kilometroak egiten ditu oinez; hori bai, beti gonarekin. Hala ere, Adunan galtzak jantzi zituen lehen emakumea izan zela kontatuko dio Pagadiri. Bibik Zabala sagardotegian egiten du lan eta bertan, sagardoa edan ostean, dantza egingo dute. Ondoren, Anjel Elduaienekin egingo du topo. Anjel ehiztari ohia da eta lumatzeko lehen makinaren sortzailea da: 'Desplum'. Ohean burua beti martxan edukitzen omen du, asmakizun berrien bila. 'Desplum' makinak nola funtzionatzen duen erakutsiko dio Pagadiri. Eta azkenik, Lardi auzora iritsiko da. Bertan, Mikel Sarasola Bideondo eta bere ahuntza ezagutuko ditu. Nahiko lan izango du Pagadik ahuntza lotuta eramaten.
Zuhaitzek Santa Kruz ermitan hasiko du Adunako bisita. Mari Karmen ermitakoak egingo dio ongi-etorria. Mari Karmen ermitari itsatsita dagoen etxean bizi da, eta ermitan garatxoen santua dago. Garatxoan dirua igurtzi eta txanpon hori ermitan utziz gero, garatxoa desagertu egiten omen da. Baina santua ez da bertan dagoen sendagile bakarra. Mari Karmenek belar ukenduak egiten ditu eta ez nola nahikoak. Ondoren, Nikolas Arrutirekin egingo du topo. Nikolas eskusoinu-jotzailea da, baina errazegi jotzen du eskusoinua. Zein izango ote da bere trikimailua? Trikitixatik albokara, alboka hotsak Iñaki Txatarras-engana eramango du Zuhaitz. Alboka jotzeko arnasketa zirkularra egin behar da eta Txatarras-ek hori nola ikasten den erakutsiko dio. Horretaz gain, garagardoa ere egingo dute elkarrekin. Azkenik, zirkuaren munduan murgilduko da. Adunako Zirkuolak ateak irekiko dizkio eta bertan, zirkuaren diziplina gertutik erakutsiko diote Koldok, Iratik eta Garazik.
Historia hauek eta gehiago gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.