Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

ETB1en, 22:00etan

"Herri Txiki, Infernu Handi"k bere 10. urteurrena ospatuko du igande honetan

EITB Media

Saioa estreinatu zenetik 10 urte eta egun bat betetzen diren egunean, Baztan bailarako Oronoz-Mugairi herria bisitatuko dute Miren Nogalesek eta Mikel Pagadik. Gonbidatu berezia izango dute, gainera: Zuhaitz Gurrutxaga, zortzi denboralditan Pagadiren bikote izandakoa.

  • Zuhaitz Gurrutxaga, Miren Nogales eta Mikel Pagadi

    Zuhaitz Gurrutxaga, Miren Nogales eta Mikel Pagadi

2015eko urtarrilaren 4an emititu zen aurreneko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa, Goizuetako herritarrak protagonista hartuta. 10 urte eta egun bat pasa eta gero, milaka istorioren ondoren, Baztan aldera hurbilduko da igande honetan ETB1eko saioa. Baina, oraingoan, gonbidatu berezi bat batuko zaie Miren Nogalesi eta Mikel Pagadiri: Zuhaitz Gurrutxaga. Hiru aurkezleen elkartzearen lekuko izango gara Oronoz-Mugairi herrian, bizilagun bitxiak eta istorio ederrak ezagutuko ditugu, eta, horrez gain, kameren atzealdean gertatzen dena erakutsiko digute. 

Euskal Herriko herri txiki eta auzoen berezitasunak eta xarma ezagutzera emateko asmoz jarri zen abian 2015eko urtarrilean "Herri Txiki, Infernu" saioa, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkeztuta. Zortzi denboraldi elkarrekin egin eta gero, 2023ko urtarrilean, Zuhaitzek etapa eder honi amaiera ematea erabaki zuen. Horretarako, Amerikako Estatu Batuetara joan ziren elkarrekin, bertan bizi diren euskaldunak ezagutzera. Bertan ezagutu genuen Pagadiren bidelagun berria: Miren Nogales aktore zestoarra. 

"Herri Txiki, Infernu Handi" saioak 11. denboraldiari ekin zion joan den abenduaren 15ean. Hala, 10. urteurreneko saioa 256. atala izango da. Hurrengo asteetan Lantz, Mendexa, Karrika, Puiu, Goiatz, Trapagaran, Zeanuri eta Luiaondo bisitatuko dituzte Mirenek eta Pagadik. Euren umore bereziarekin, lekuan lekuko bizilagunak ezagutu eta haiekin batera tarte ederrak pasako dituzte. Sebastian Lizaso bertsolaria izango dute lagun, ohi bezala.