Hitzetik hortzera
15:00etan
Ainara Azpiazuren hitzek marraztuko dute gaur 'Hitzetik Hortzera'
A.E-|EiTB
Durangoko Bertso Korrikan antolatutako bertsoaldiaren eta Usurbilen orain gutxi izandakoaren alerik onenak ere eskainiko dituzte.
'Hitzetik Hortzera' saioan, Ainara Azpiazu hartuko dute gaur. Bertsolaritzarekin daukan harremanaz eta egiten duen lanaz mintzatuko dira Axpi-rekin. Eta bi bertso-saiotako ale onenak ere eskainiko dituzte: martxoaren 9an Durangon Bertso Korrikaren barruan Igor Galartzak, Nerea Ibarzabalek, Oihana Bartrak eta Eneko Abasolo Abarkas-ek osatu zutena eta biharamunean Usurbilen Uxue Alberdik, Onintza Enbeitak eta Ane Labakak egindakoa.
Aurpegi ezaguna da Ainara Azpiazu Axpi ilustrazio eta komikigintza munduan. Berria-n, H28-n eta Hernaniko Kronika-n zintak egin izan ditu, eta hainbat kartelen egile ere bada, tartean, baita hainbat bertso-saiotakoak ere. Bera izango da aste honetako programako gonbidatua, eta komiki eta ilustrazio munduez eta bertsolaritzarekin duen harremanaz jardungo dira berarekin.
Andoni Egaña, tatuaia egile
Zeharka bada ere marrazkiei lotuta egongo da aste honetako bertsoaldi historikoa ere. 1998ko apirilaren 4an bertso jaialdia egin zuten Seguran. Egun hartan gai-jartzaile lanetan aritu zen Maialen Lujanbiok tatuaia egile paperean jarri zuen Andoni Egaña; eta Mikel Mendizabali, Gregorio Larrañaga Mañukorta-ri, Joxe Agirreri, Anjel Mari Peñagarikanori, Sebastian Lizasori eta Iñaki Muruari larruazalean ze marrazki egin zizkien kantatu zuen. Bertsoaldi gogoangarria atera zen, bai Andoni Egañaren irudimenagatik eta baita atzekoen erantzunengatik ere.
Bertso Korrika, Durangon
Bertsozale Elkartearen eta AEKren elkarlanetik sortutako proiektua da Bertso Korrika. Korrika aitzakiatzat hartuta, tokian tokiko bertso-eskola eta euskaltegiak harremanetan jarri eta bertso-saio bereziak antolatzen dituzte. Hirugarren edizioa bete du aurten ekimenak. Martxoaren 9an ziklo honetako saio bat egin zuten Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Erika Lagoma gai-jartzaileak jarritako ariketak fin bete zituzten Eneko Abasolo Abarkas-ek, Igor Galartzak, Nerea Ibarzabalek eta Oihana Bartrak. Bertsoaldirik onenak eskainiko ditugu igandeko programan.
Urteroko hitzordua, Usurbilen
Biharamunean, martxoaren 10ean alegia, Usurbilgo Artzabal jatetxean izan ziren 'Hitzetik Hortzera'ko kamerak. Martxoaren 8aren bueltan bertso-afari berezia antolatu ohi dute urtero, eta ederra atera zen aurtengoa ere. Idazle desberdinen testuetatik abiatuta jarri zituen gaiak Maider Arregik, eta umorez erantzun zuten Uxue Alberdik, Onintza Enbeitak eta Ane Labakak. Bertsoaldi onenak eskainiko ditugu igande honetan.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EiTB Nahieran-en.