Hitzetik hortzera
Igandean, 15:00etan
Maialen Lujanbio txapelduna eta finaleko bertso onenak, 'Hitzetik Hortzera'n
A.E.|EiTB
Aitor Mendiluze txapeldunordea ere elkarrizketatuko dute.
Igandean jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BECen. Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela, buruz burukoa Aitor Mendiluzerekin jokatu ostean. Finaleko bertso onenekin batera, Maialen Lujanbiori eta Aitor Mendiluzeri egindako elkarrizketak izango dira ikusgai igandeko 'Hitzetik Hortzera' saioan, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.
Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre aritu ziren kantuan igandean Barakaldon, BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Goizeko eta arratsaldeko saioak egin, eta Aitor Mendiluzerekin buruz burukoa jokatu ostean, Maialen Lujanbiok jantzi zuen azkenean txapela.
Finaleko bertso onenen bilduma eskainiko du igandeko 'Hitzetik Hortzera' saioak. Horrekin batera, Maialen Lujanbiori eta Aitor Mendiluzeri egindako elkarrizketak izango dira ikusgai. Finala nola bizi zuten eta zer sentsazio utzi dieten kontatuko digute.
Plazaz plaza jarraituko du 'Hitzetik Hortzera'k
Txapelketa Nagusia atzean utzita, urtarrilaren 7an itzuliko da 'Hitzetik Hortzera' ohiko formatuan. Bertsolarien jarduna ez da geratuko, eta plazaz plaza egiten duten lana biltzen eta bertsozaleei eskaintzen jarraituko dute igandero-igandero apirila arte. Aurreko denboraldian bezala, gonbidatu bat izango du atal bakoitzak. Diziplina ezberdinetan dabiltzan hainbat lagunek bertsolaritza nola bizi duten ezagutuko dugu. Kirolariak, idazleak, aurkezleak, aktoreak... gonbidatuko dituzte.
Lehen atalean, aktorea eta telebistako aurkezlea den Edurne Azkarate egongo da 'Hitzetik Hortzera' saioan gonbidatu bezala. Astelehenetako 'Aulki-jokoa' telebista-saioaren aurpegia izan da Edurne Azkarate, eta bera hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Bertsoei dagokienez, abendu amaieran Elgoibarren, Aretxabaletan eta Hernanin egingo diren jaialdietako bertso onenak ekarriko dituzte.
arriko dituzte.