Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

15:00etan

Baigorriko Etxauzia gazteluari bertsotan, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n

A.E.|EiTB

Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jone Uria Baigorrin, eta Xabi Paya eta Onintza Enbeita Errigoitin entzungo ditugu bertsotan.

Azken urteotan ospe handia hartu du Baigorriko Etxauzia gazteluak: inguruko herritar eta eragileek kanpaina erraldoi bat abiatu zuten gaztelua erosi eta eskualdeari eragiteko proiektu bat abian jartzeko. Antton Curutcharry baigorriarra gonbidatu dute igande honetako 'Hitzetik Hortzera' saiora, gazteluaz aritzeko. Eta bertsoak ere ekarriko dituzte Baigorritik, han aritu baitziren Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jone Uria afalostean. Otordu bueltako bertsoak ekarriko dituzte Errigoititik ere, Xabi Paya eta Onintza Enbeitaren ahotsetan.

Baigorriko herria izango du ardatz aste honetako 'Hitzetik Hortzera'k. Herriaren tontor batean dagoen Etxauzia gaztelua ezagutzeaz gain, Baigorriko Bixentaenea ostatuan kantatutako bertsoak ekarriko baitituzte programara.

Etxauzia: gaztelua eta proiektua

Ia mila urteko historia du Baigorriko Etxauzia gazteluak. Urteotan gora-behera handiak izan ditu Euskal Herriko historiaren lekuko izan den eraikinak. Orain dela urte batzuk inguruko herritar eta eragileek erronka bota zioten Euskal Herriari, 'euskaldun bat, euro bat' kanpaina abian jarrita: gaztelua erosi eta bertan proiektu bat martxan jartzea. Amets horri ekin zion taldeko kide da Antton Curutcharry, eta bera izango da aste honetako 'Hitzetik Hortzera'ko gonbidatua. Gazteluaren historia ezagutzeaz gain, Etxauzia proiektuaren nondik norakoak kontatuko ditu igande honetan, eta bertsolaritzaz eta Baigorriko herriaz ere ariko dira solasean.

Bertso-afaria, Bixentaenea ostatuan

Baigorrin egin baitzen aste honetan erakutsiko duten lehendabiziko saioa. Lehendik ere saio bat baino gehiago egin izan da Bixentaenea ostatuan. Otsailaren 3an bertan jardun ziren Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jone Uria, Battit Crouspeyre gidari hartuta. Afaltiarrei saio ederra eskaini zieten ostatuko goxotasunean. Librean egin zuten saio-puska bat entzun ahal izango dugu, Baigorri eta Etxauzia gaitzat hartuta.

Hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa askoren kezka-gai da oraindik. Jone eta Amets gurasoak Sustrai semea konbentzitzen ahaleginduko dira euskarazko musika entzun dezan. Eta kulturari lotuta ariko dira Sustrai eta Amets, gaurkotasun handiko gai batekin: "Handia" filma eta jaso dituen Goya sariak. Sakon kantatuko dute.

Baigorrin orain dela 18 urte

Orain dela 18 urte ere bertso-saioa izan zen Baigorrin. Han ziren Sustrai Colina eta Amets Arzallus, eta haiekin batera aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio eta Mikel Altzuart. Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi berria zen Amets Arzallus, eta Maialen Lujanbiorekin kopletan egin zuen saioa eskainiko dute 'Hitzetik Hortzera'n.

Giro beroa Errigoitin

Eta Behe Nafarroatik Bizkaiara joango dira zuzenean, Errigoitin bertso-bazkari umoretsua eskaini baitzuten otsailaren 10ean Xabi Payak eta Onintza Enbeitak. Bi ordutik gorako saioa egin zuten librean, eta hango bertsoaldi onenak ekarriko dituzte programara.

Bazkalostean

Hori dena eta askoz gehiago izango da ikusgai bazkalostean, eitb.eus-en eta ETB1en. Eta Interneten ere Nahieran ikusi ahal izango da.