Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

Legazpiko eta Biriatuko bertso onenak, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan

A.E.|EiTB

Halaber, Agurtzane Elustondo trikitilaria izango da aste honetako gonbidatua.

  • Aitor Sarriegi eta Unai Agirre Legazpin

    Aitor Sarriegi eta Unai Agirre Legazpin

Agurtzane Elustondo legazpiarra izango dute 'Hitzetik Hortzera' saioan gaur. Plazaz plaza ibilbide oparoa osatu du Agurtzane Elustondo trikitilariak, eta 2015ean diskoa ere kaleratu zuen. 2011tik Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari ere bada, eta egiten duten lanaz, trikitiarekin duen harremanaz eta etorkizunaz ere jardungo dira berarekin. Legazpi bere herriaren berri ere emango du.

Legazpin afalostean bertsotan

Izan ere, Legazpi izango da aste honetako programaren lehendabiziko geltokia. Hilaren 2an bertso-afarian aritu ziren Unai Agirre eta Aitor Sarriegi. Saioa librean hasi eta bukatu bazuten ere, bestelako kontuak ere izan zituzten bertsotarako gai: herriko ikastolaren urteurrena eta Aitor Sarriegik BECen goizeko saioan botatako bakarkakoa besteak beste. Bertsoaldi horiek ekarriko ditugu programara.

Eta harribitxi bat ere aurkitu zuten Legazpin. Bertso-saioak bukatzeko ohikoa izaten da puntukako ariketa. Gogoangarria izan zen bertso-afaria borobiltzeko Unai Agirrek eta Aitor Sarriegik puntuka osatu zuten bertsoaldia, eta igandean telebistan izango da ikusgai.

Biriatuko elizan, ikastolaren alde

Biriatun egun berezia izan zuten martxoaren 4an. Herriko ikastolaren sostenguz egun osoko festa antolatu zuten. Paella-jana izan zuten eguerdian, eta bertso-saioa ondoren, luxuzko boskotearekin: Unai Agirre, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Aimar Karrika aritu zen gai-jartzen. Eta aretoa ere berezia izan zen: herriko eliza dotorea.

Saio ederra atera zen. Gaurkotasunezko gaiek pisu handia hartu zuten: herriko ikastolari kantuan aritu ziren Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, eta martxoaren 8aren inguruan Maialen Lujanbio bera eta Maddalen Arzallus. Dena den, umorerako ere izan zen aukerarik: Aimar Karrikak Frantziako Tourrean kokatu zituen bost bertsolariak, eta ezkontza egun bateko gora-beherez ere aritu ziren Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.

Bazkalostean, ETB1en

Hau guztia eta askoz gehiago izango da ikusgai bazkalostean, 15:00ak aldera, eitb.eus-en eta ETB1en eta ondoren eskuragai egongo da EiTB Nahieran-en.