Hitzetik hortzera
Bertsolaritza
Taldekako txapelketei buruz, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioan
EiTB
Denboraldiko azken saioak Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa eta Nafarraoako Bardoak lehiaketei erreparatuko die
Berezia dator denboraldiko azkeneko 'Hitzetik Hortzera' programa. Azkeneko hilabeteotan taldekako bi ekimen aritu dira bertsolaritza astintzen: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoak eta Nafarroako Bardoak. Ekimenetako finalak aitzakiatzat hartuta, taldetasunak bertsogintzari eta bertsolaritzaren mugimenduari egiten dizkien ekarpenez aritu gara.
Bertso Kuadrilla Artekoa Araban
Bi urtetik behin taldekako ekimena antolatzen da Araban. Aurten berriz ere txapelketa formatura itzuli da Bertso Kuadrilla Artekoa, eta astez aste Arabako bertsogintzara arnas berria ekarri ondoren, martxoaren 17an jokatu zen finala Gasteizen. Hiru talde aritu ziren azkeneko saioan: Gasteizko 'Errekaleor Birizik!', Arabar Errioxako 'Txandrio' eta Aramaioko 'Ibabeko Bertaren bilobak'. Azkeneko hauek nagusitu ziren finalean, eta guk bertsoaldi onenak ekarriko ditugu programara.
Horrez gain, Aramaion ere izango gara, talde irabazleko kideen sentsazioak hobeto ezagutzeko asmoz. Taldean aritzeak bertsolaritza bizitzeko modu ezberdinak uztartzea dakar, eta bertso-saio baten antolaketako agente ezberdinei protagonismoa ematea. Hala, Manex Agirre, Xabi Igoa eta Andere Arriolabengoa bertsolariez gain gurean izango dira sukaldari lanetan aritu den Iker Elespuru, kronikagile lanetan aritu den Gillen Agirre eta epaitzen jardun den Mikel Ruiz de Azua.
Bardoak Nafarroan
Nafarroan ere bi urtetik behin antolatzen da taldekako ekimena. Aurtengoan Lekunberrin izan du finala Nafarroako Bardoak ekimenak. Han bildu ziren martxoaren 24an Leitzako 'Aldatzea komeni, Baztan eta Malerrekako 'Addams familia' eta Lesakako 'Unibertsolariak'. Leitzarrak nagusitu ziren finalean, eta saioko alerik onenak eskainiko ditugu programan.
Eta Nafarroako txapeldunak ere gertuagotik ezagutzeko aukera izango dugu Hitzetik Hortzeran, igandean Leitzako Gaztetxera joango baikara txapelketan zehar bertsotan aritu diren Joanes eta Xabat Illarregi, Miel Mari Elosegi 'Luze' eta Diego Riaño; gai-jartzaile lanetan aritu den Aitzol Eizmendi eta antolatzaile lanetan aritu diren Ander 'Itturri', Mikel Azpiroz eta Ane Intxausti elkarrizketatzera.
Bazkalostean, ETB1en
Denboraldiko azkeneko Hitzetik Hortzera izango da taldekako ekimenei eskainiko diegun hau. Igande bazkalostean, 15:00ak aldera, zain izango gaituzue ETB1en. Eta, hortik aurrera, internetez ere izango da programa ikusteko aukera, EITB Nahieran-en.
Igandetik aurrera atseden hartuko du 'Hitzetik Hortzera', udazkenera arte. Baina tarte horretan izango da bertsolaritzaz gozatzeko aukerarik, plazaz plaza ariko baitira bertsolariak.