Hitzetik hortzera
15:00etan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Taldekako Xilaba, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
EITB
Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan jokatu den Taldekako Xilabako finala eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bertsoaldiak entzungo ditugu.
Txapelketa da bertsolaritzak duen plazarik berezienetako bat; berezia, ezohikoa delako. Sintonia, komunikabideak, epaileak (eta erdi-epaile diren entzuleak)... Emozio asko pizten dira horrelakoetan. Amildegi ertza tranpolin bilakatzeko etengabeko ahalegina da. Horietako bitan murgilduko dira aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioan: Taldeko Xilaban eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, hain zuzen ere.
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 11 talderen artean jokatu da aurtengo Taldekako Xilaba. Finalera iristeko, taldeek 11 saioko ligaxka eta bi finalerdi igaro dituzte. Guztira, 40 bat bertsolarik parte hartu dute xapelgoan; baita aurkezle, antolatzaile, epaile eta laguntzaileek ere. Baigorrin ospatu zen finalean Dilindan eta Mattinsalto taldeak lehiatu ziren, eta bigarrenek jantzi zuten txapela. Dilindan taldea Amets Arzallus, Hodei Renteria, Nahia Sasco eta Ortzi Idoate bertsolariek osatzen dute. Mattinsalto taldea, berriz, Aitor Servier, Ellande Alfaro, Pantxika Solorzano eta Xumai Murua partaideek. Igandeko programan finaleko bertsoaldi onenak eskainiko ditugu.
Finalari begira
Udaberrian hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta fase guztiak igarota, dagoeneko badakigu zeintzuk diren finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak: Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Igandeko programara ekarriko ditugu hiru finalaurrekoetako bertsoaldi onenak. Gogoan izan abenduaren 15ean Bilboko Miribillan izango den finalerako sarrerak salgai daudela www.bertsosarrerak.eus web atarian.
'Hitzetik Hortzera' igandero izaten da ikusgai 15:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.