Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

15:00etan

Belaunaldien artekoak, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n

EiTB

Nerea Ibarzabalekin eta Sebastian Lizasorekin hitz egingo du Eider Perez aurkezleak.

1:09
Sebastian Lizaso eta Nerea Ibarzabal

Bertsolaritzaren eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanari buruz hitz egingo dute gaur, Hitzetik Hortzera saioan, edo beste modu batera esanda, adin ezberdinetako bertsolariak oholtza gainean nola jarduten duten. Bertsorik ez da faltako, eta Pasaiako eta Senpereko saioetako bertsoaldiak ekarriko dituzte. Gaur egun, oso ohikoa iruditzen zaigu oholtza gainean adin ezberdinetako bertsolariak elkarrekin kantuan entzun eta ikustea. Hori lortzeko, lan handia egin zuen zendu berri den Jon Lopategi bertsolariak. Jonek gazteei bertsoarekiko maitasuna transmititzen lan sendoa egin zuen. Bere antzeko ahaleginei esker, arazorik gabe kanta diezaioke gai berari guraso, aitona edo ikasle batek.

Bertsolaritzaren kasuan, adin aniztasuna ez da oholtza gainean bakarrik ematen, entzuleen artean ere erraz nahasten dira gazteak, haurrak edo helduak. Noiz edo noiz oholtzara igotzen ere ausartzen dira gazte zein helduak, eta horren bi adibide erakutsiko dituzte.

Oholtza gainean errespetuz eta sintonia berean

Usurbilgo Araeta sagardotegiko txotx irekieran belaunaldi ezberdinetako bi bertsolari elkartu dira aurten: Nerea Ibarzabal eta Sebastian Lizaso. Hitzetik Hortzerak beraiekin hitz egiteko baliatu du eguna, eta adin tarte ezberdinetako bertsolariak oholtza berean gai berdinen inguruan kantuan nola konpontzen diren jakingo dugu. Nor izango da Sebastianekin kantatu duen bertsolaririk gazteena? Eta Nerearekin kantatu duen zaharrena?

Pasaiako eta Senpereko bertsoaldiak

Igandeko programan bi bertso saiotara joango dira. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan jaialdia antolatu zuen Bixi-Bixi kultur elkarteak, eta kantuan aritu ziren Andoni Egaña, Iker Zubeldia, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran; gai jartzaile lanak, berriz, Amaia Agirrek egin zituen. Senpereko Larrea kultur gunean, Seaska Ikastolen Elkarteak antolatuta, oholtzara igo ziren 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Gai jartzaile lanak Joana Itzainak egin zituen.

Hori dena gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.