Hitzetik hortzera
15:00etan
Taldekako Xilaba, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Txapelketako hiru partehartzailerekin aritu dira solasean: Elixabet Etxandi, Maindi Murua eta Xan Alkhat.
-
Eider perez 'Hitzetik Hortzera'n xilabako partehartzaileekin. Argazkia: 'Hitzetik Hortzera'
Izturitzen jokatutako Xilabaren finalean izan da 'Hitzetik Hortzera', eta txapelketako hiru partehartzailerekin aritu dira solasean: Elixabet Etxandi, Maindi Murua eta Xan Alkhat. Finaleko bertsoaldirik onenak eta Gipuzkoako Txapelketako lehen finalaurrekoak emandakoak ere eskainiko dizkizuegu igandean.
Izturitzen amaitu da 2019ko Taldekako Xilaba. Guztira bederatzi taldek hartu dute parte, eta horietako bi iritsi dira finalera: Ez Otoi Pentsa eta Hasta La 2toria taldeak. Irailean hasi zen Itsasun, eta hamaika herritatik igaro dira partehartzaileak Izturitzera iristeko. Bide horren ingurukoak eta askoz gehiago izango dituzte hizpide 'Hitzetik Hortzera'n, Elixabet Etxandi, Maindi Murua eta Xan Alkhat solaskide dituztelala.
2019ko Taldekako Xilaban aritu diren hiru lagunokin elkartu dira Izturitzeko trinketean; aurtengoa nola joan den kontatu dute, eta taldean kantatzeak dituen alde onei buruz ere galdetu diete. Ekimenok jendea bertsolaritzaren inguruan elkartzeko ohitura hartzen laguntzen dute, eta hori bertatik bertara ikusiko dugu igandeko programan.
Jon Celestinoren bertsoaldi kuttuna
Izturitzen izandako finalean entzundako bertsoak eskainiko dituzte; baita Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, Arrasaten izandako lehen finalaurrekoan entzundakoak ere.
Jon Celestino musikaria iruñarra da, Broken Brothers Brass Band taldeko tronpeta-jotzailea, eta bertsoa ere bere zaletasun nagusien artean dago. 'Hitzetik Hortzera'ren ikusle leiala da umetatik, eta bere bertsoaldi kuttuna zein den kontatuko du.
'Hitzetik Hortzera', gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; astelehenetik aurrera, EiTB Nahieran atarian.