Hitzetik hortzera
21:00etan
XILABAko finaletako bertso bilduma, gaur gauean, "Hitzetik Hortzera"n
EITB
Seigarren edizioa zuen aurtengo banakako XILABAk, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertsolari txapelketak.
-
XILABAri buruzko muntaia. Argazkia: Bertsozale Elkartea
XILABA izango du hizpide gaur gauean "Hitzetik Hortzera" saioak. Aurtengo ibilbidea, ordea, eten egin du pandemiak. Hamar saiotik sei egin ondoren, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen bertsolari txapelketa bukatu gabe geratu da, ezinbestean. Aurrera ziurgabetasunez begiratzen dugun honetan, atzera begira jarriko da saioa, horrek ere badaukalako bere xarma: jendez betetako aretoak, elkarrengandik gertu geundeneko garaiak, saio osteko besarkadak. Aurtengo XILABAko finalak izan behar zuen asteburuan, orain arte egindako finaletako bertsoaldiekin osatutako "Hitzetik Hortzera" izango da ikusgai.
Bost final eta hamaika berezitasun
2008koa izan zen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen bertsolari txapelketaren lehenengo edizioa, ordura arte lurralde horietako bertsolariek Nafarroako txapelketan hartzen baitzuten parte. 2010. urtean hartu zuen txapelketak XILABA izena, Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarre izenek osatzen duten akronimoa.
XILABAko bost finaletako bertsoaldi hautaketa berezia eskainiko du saioak, eta final horietan oholtzara igo ziren bertsolari guztiak entzuteko aukera: Amets Arzallus, Ekhi Erremundegi, Eneritz Zabaleta, Joanes Etxebarria, Karlos Aizpurua, Maddalen Arzallus, Maddi Sarasua, Miren Artetxe, Odei Barroso, Ramuntxo Christy, Sustrai Colina eta Xumai Murua.
"Hitzetik Hortzera" saioa gaur izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.