Hitzetik hortzera
15:00etan
Anjel Mari Peñagarikanorekin solasean, gaur, "Hitzetik Hortzera"n
EITB
40 urte inguru igaro dira albizturtarra bertso-plazetan hasi zenetik, eta denborak emandakoari eta eramandakoari buruz arituko da Anjel Mari Peñagarikano.
-
Anjel Mari Peñagarikano. Argazkia: Bertsozale Elkartea
Bere bizitzako bi herri kutunetan, Albizturren eta Anoetan, elkartuko da "Hitzetik Hortzera" saioa Anjel Mari Peñagarikanorekin. Aste honetako protagonistak txiki txikitatik izan zuen harremana bertsoarekin eta bertsolariekin. Albizturko ostatuko mutiko hark ez zuen sinetsiko noraino iritsi behar zuen nagusitzean, baina 80. hamarkadako bertsolaritzaren loraldiko aurpegirik ezagunenetakoa izatera heldu zen.
Garai hartako bertsolaritzaren boomaz, txapelketen pisuaz eta Millan Telleriaren ezinbesteko laguntzaz arituko dira, besteak beste, solasean Peñagarikano eta Eider Perez.
Ibilbide bat bertsoalditan
Igandeko saioan Anjel Mari Peñagarikanoren bertsoaldi gogoangarrien bilduma bat ere entzuteko aukera izango da: 1982ko txapelketan Jon Azpillagarekin batera abestutako bertsoetatik, denboran hain urrun gelditzen ez den Asteasuko saioan Maialen Lujanbiorekin abestutako bertsoetara. Tarte horretan ez dira faltako 90. hamarkadan zehar bildutako hainbat bertso eta bertsoaldi.
"Hitzetik Hortzera" saioa gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.