Hitzetik hortzera
21:00etan
'Haizea dator' ekimena, aste honetan, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB Media
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso-eskoletako ikasle eta bertsolari gazteei plazak eskaintzea du helburu. Bertsoaldiei dagokionez, Baionako eta Etxarri-Aranazko saioak entzungo ditugu.
-
'Haizea dator' ekimenaren irudia, Baionan. Irudia: Bertsozale Elkartea
Aste honetako "Hitzetik Hortzera" programan Haizea dator proiektua jorratuko dute. Bertsularien Lagunak Elkartetik sortutako ekimena da 'Haizea dator', eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso-eskoletako ikasleei eta bertsolari gazteei plazak eskaintzea du xede, baita bertsozaletasuna sustatzea ere.
Tokian tokiko bertso-eskolak dira saio hauek antolatzearen ardura daukatenak, hilabeteko lehen ostiralean. Baionara joango da aste honetan "Hitzetik Hortzera", han antolatu dutelako otsaileko bertso saioa. Bertsolari arituak eta hasiberriak elkartuko dira Biltxoko elkartean, eta haien esperientzia ekarriko dute pantailara.
Baionako eta Etxarri-Aranazko bertsoaldiak
Haizea dator ekimenaren baitan, Baionako Biltxoko elkarteko saioaz gozatzeko aukera eskainiko dute. Bertan kantuan arituko dira Aiantze Lanes, Irantzu Idoate, Josu Txoperena, Oihan Perez, Patxi Iriart eta Xanti Lacroix. Gai-jartzaile lanak Lur Renteriak egingo ditu.
Etxarri-Aranazen, aldiz, kantuan entzungo ditugu Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Oihana Iguaran, Saats Karasatorreren aginduetara.
"Hitzetik Hortzera" gaur izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.