Hitzetik hortzera
21:00etan
'Minbizia, tabuen kutxatik oholtzara' ekimena, gaur gauean, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB Media
Izan Inurri elkartearen jarduna ezagutuko dute. Minbizia jasan duten pertsonei laguntzea dute helburu, eta bertso saioen bidez gaiari ikusgarritasuna ematea. Errenterian egindako 'Minbizia, tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatuko bertsoaldi gogoangarrienak erakutsiko dituzte.
-
Errenteriako Niessen aretoko 'Minbizia, tabuen kutxatik oholtzara' bertso saioa
Asteburu honetako "Hitzetik Hortzera" saioan Izan Inurri elkarteko bi kide ezagutuko dituzte. Minbizia jasan duten pertsonei laguntzen eta bertso saioen bidez gaiari ikusgarritasuna ematen diharduen lantaldea da Izan Inurri.
Izan ere, minbizia ez da edonolako gaia. Hainbat tabu ezkutatzen dira hitz bakarraren atzean, eta hauek bistaratzea beharrezko ikusten dute Inurri elkartekoek. Izan Inurri proiektua 2019 urtean jarri zuten abian Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok.
Minbizia modu zuzen edo zeharkakoan jasan duten pertsonei laguntzen die elkarteak, eta gaiaren inguruko kontzientzia zabaltzeko hainbat ekimen antolatzen ditu; azkenaldian, bertso saioak ere bai. Dagoeneko hiru bertso saio antolatu dira: Donostian, Asteasun eta Errenterian. Izan Inurri elkarteko bi kiderekin egon eta azken saio honetara joango dira aste honetako programan.
Errenteriako bertso saio musikatuko bertsoaldiak
Larunbateko programan, Errenteriako Niessen aretoan egindako 'Minbizia, tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatuko bertsoaldi gogoangarrienak ikusiko ditugu. Izan Inurri Elkarteko kideak igoko dira oholtzara bertsolariekin eta musikariekin batera. Kantuan ariko dira Alaia Martin, Maider Arregi, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita. Gai-jartzaile lanak Amaia Agirrek egingo ditu, eta musikariak Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra izango dira.
"Hitzetik Hortzera" gaur izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.


