Itxi

Izan Invictus

Izan Invictus

Izan Invictus

22:15ean

'Izan Invictus' realitya estreinatuko du ETB1ek gaur gauean

A.E. | EiTB

Partaideak garaiezin bihurtu eta edozein oztopo-lasterketari aurre egiteko prestatzea da saioaren helburua.

1:26

'Izan Invictus' realitya estreinatuko du Euskal Telebistaren lehen kateak gaur gauean. Julian Iantzik aurkeztuko du Hostoil etxearen eta ETBren apustu hau, eta partaideak garaiezin bihurtu eta edozein oztopo-lasterketari aurre egiteko prestatzea izango du helburu.

Sofan eserita, oztopo-lasterketetan parte hartzen duten gizonak eta emakumeak miresten dituztenentzat erronka izango da reality berria. Besteak beste, lokatzean herrestan joan, txarrantxa edo alanbre arantzadunaren azpitik arrastaka ibili, eta horma bertikal eta gogorrak eskalatu beharko dituzte lehiakideek.

18 lehiakide ausart izango ditu saioak, bi taldetan banatuta, eta bakoitza kapitain baten ardurapean. Lehiakideen artean, hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu, 'El Conquistador' saioaren lehiakide ohiak eta abentura euren bizitzaren parte bihurtu duten borrokalari ausartak, besteak beste; Aner Gorrotxategi Gorrotxa, Alex Ortega, Manu Maritxalar, Ismael Pereira eta Maialen Larrea, tartean. Nola moldatuko dira erronka berri honen aurrean?

Ez dute zertan forma fisiko onean egon. Burdinazko sarjentu bat gidari dutela, hiru hilabeteko entrenamendu gogorrak egin eta gladiatore bihurtzeko gogoa eta etengabe hobetzeko grina izan beharko dituzte, besterik ez.

Horrez gain, munduko zirkuituko oztopo-lasterketetan ez ezik, beraien artean ere lehiatu beharko dute, astero, dortsal bat eta lasterketako irteera-puntuan egoteko aukera irabazteko.

Guztien artean, onenak bakarrik iritsiko dira finalera, eta bakar batek lortuko du Invictus bihurtzea.

Isma Mateoren gimnasioa

Lehenengo saioan, lehiaketaren dinamika eta kokapenak erakutsi eta lehiakide guztiak ezagutuko ditugu. Bide batez, Isma Mateo eta bere gimnasioa erakutsiko digu 'Izan Invictus'ek. Lehiakideek ordu asko eman beharko dituzte bertan Burdinazko sarjentuaren esanetara sasoian jartzeko.

Halaber, lehiakideen arteko lehen harremana nolakoa izan den ere jaso dute kamerek. Partaideak ez ezik, kapitainak ere ezagutuko ditugu. Lehiakideek lehenengo probari egin beharko diote aurre, eta oztopo-lasterketa ofizial batean parte hartzen ikusiko ditugu.

'Izan Invictus' 22:15ean izango da ikusgai asteazkenetan, ETB1en eta eitb.eus-en.