Itxi

Iparraldearen Orena

Iparraldearen Orena

Iparraldearen Orena

15:00etan

"Iparraldearen Orena"ren emanaldi berezia, gaur arratsaldean, saioaren 30. urtemuga ospatzeko

EITB Media

Ipar Euskal Herriko aktualitatea ardatz duen albistegia ETB1en emititzen den saio zaharrenetarikoa da. 1992an estreinatu zenetik ekarpen handia egin dio euskal gizarteari, Iparraldeko euskaldunei ahotsa emanez.

  • "Iparraldearen Orena" saioko egungo lantaldea eta lankide ohiak

    "Iparraldearen Orena" saioko egungo lantaldea eta lankide ohiak. Argazkia: EITB Media

Ipar Euskal Herriko aktualitatearen berri ematen duen "Iparraldearen Orena" albistegiak 30 urte bete ditu. Hori ospatzeko, emanaldi berezia prestatu dute gaurko, egungo lantaldea eta 1992an abian jarri zenetik gaur egunera arte bertatik pasatako kazetari eta kameralariak bilduz. 

ETB1en emititzen den saio zaharrenetarikoa da "Iparraldearen Orena", eta, gaur egun, hamar minutuko tartea du astelehenetik ostiralera, 15:00etan. Gizarte gaiak, tokiko politika, ekonomia, kultura eta euskara ditu ardatz batik bat, eta urte hauetan guztietan zehar, Iparraldeko euskaldunen ahots bilakatu da. Igande goizero, gainera, "Iparraldearen Orena Astekaria"n biltzen da asteko laburpena.

Urteurrena ospatzeko, gaur arratsaldean programa berezia eskainiko dute: "Iparraldearen Orena"n urte luzez lan egindako Guillaume Irigoyen, Inma Alvarez eta Franck Dolosor elkarrizketatuko dituzte, baita saioko lehen aurkezlea izan zen Allande Boutin ere. 

Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza eta kultura politikako arduradunak ere hartuko du parte saio berezian, "Iparraldearen Orena"k euskal gizarteari egindako ekarpena goraipatuz. 

Albistegi bereziak zorion mezuak jasoko ditu, eta 30 urte hauetan saioan lan egin duten kazetari eta kameralariak bildu dira. Egungo lantalde eta lankide ohien topaketarekin amaituko da saioa.