Itxi

Irabazi arte

Irabazi arte

Irabazi arte

Aurrestreinaldia

"Irabazi Arte" fikzio berria aurkezteko aurrestreinaldia, 12:00etan, Donostian

EITB Media

"Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte". Telesailak neska gaztetxoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta otsailaren 11n estreinatuko da telebistan.

  • "Irabazi Arte" telesailaren protagonistak Gasteizko aurrestreinaldian.

    "Irabazi Arte" telesailaren protagonistak Gasteizko aurrestreinaldian.

Euskal Telebistak otsailaren 11n estreinatuko du "Irabazi Arte" euskarazko fikzio berria, eta aurretik, gazteei zuzendutako aurrestreinaldiak antolatu ditu lau hiriburuetan, telesailean parte hartu duten aktore protagonisten partaidetzarekin.

Igande honetan, urtarrilaren 30ean, Donostiako Kursaal Jauregian eskainiko da telesailaren lehen atalaren aurrestreinaldia. Sarrera guztiak agortuta daude eta bertan izango dira protagonista nagusiak, horien artean, Sua Enparantza, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano, Ibai Ugarte, Ander Rovira eta Tessa Andonegi.

Joan den larunbatean, urtarrilaren 22an, Gasteizko Europa Jauregian antolatu zen lehen aurkezpen ekitaldia, arrakasta handiarekin. Publikoak telesailaren lehen atalaren emanaldiaz gozatu zuen eta, ondoren, protagonistekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten photocallean.

Hurrengo egunetan, beste bi aurrestreinaldi antolatuko dituzte: Bilboko Euskalduna Jauregian otsailaren 5ean (12:00etan) eta Iruñeko Baluarten otsailaren 6an (12:00etan). Bi ekitaldi hauetarako ere gonbidapenak agortu dira.

Lau aurrestreinaldi hauek telesailaren ekoizpenean parte hartu duten erakunde eta enpresen eskutik egingo ditu Euskal Telebistak; horien artean, Emakunde Emakumearen Euskal Institutua, Laboral Kutxa, Basque Team, El Corte Inglés eta JOMA.

Fikzio berria, ETB1en

"Irabazi Arte" telesailak neska gazteen futbol-talde bat hartzen du oinarri. Protagonisten bitartez, gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko ditu, hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia, eta, oro har, gaur egungo nerabeek dituzten erronkak islatuko dituzte.

Musikak garrantzia berezia izango du ekoizpen honetan. Alde batetik, Chill Mafia kolektibo nafarreko Irenek, Kiliki Frexkok eta Suneok egin dute karetako abestia. Bestalde, egungo euskal talde garrantzitsuenetako batzuen musika tartekatuko da. Besteak beste, lehen atalean ZETAK, Bengo eta Omagoren abestiak entzungo dira, Oso Polita diskoetxearen eskutik.

Aski ezaguna den "Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte". Javier Garcia de Vicuña da zuzendaria, eta Sua Enparantza, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz ditu protagonista nagusi, besteak beste.

Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Zerbitzu publiko izaera uztartuz, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin bat egin du EITBk, gazteei eta publiko familiarrari zuzendutako euskarazko fikzio honen garapenean. Horrekin batera, sorreratik bere gain hartu duen funtzio soziala betetzea ere funtsezkoa du EITBk.