Irabazi arte
21:00etan
Lehen entrenamendu eguna, "Irabazi Arte!" telesailaren atal berrian, gaur gauean
EITB Media
Nesken futbol talde baten inguruko fikzioa audientziaren harrera bikaina izaten ari da: 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean liderra da.
Gaur gauean, "Irabazi Arte!" fikzioaren atal berri bat eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Nesken futbol taldeko kideek lehenengo entrenamendu eguna izango dute; nahiz eta ekipoa osatzeko lan handia egin, klubera iristean ezustekoak topatuko dituzte.
Larra izango da entrenatzailea eta gogoz kontra bada ere, Martxelok esandakoa egin beharko du. Nora kapitain izendatuko du, ekipoaren gehiengoaren iritziaren kontra, eta Leire eta Olatzek Arenerekin hitz egiten dute kapitaina bera izan dadin eskatzen. Peiok, asmo onez, Learoko nesken futbol taldea agurtuko du irratiko emisioan, Arene kapitaina dela aipatuz. Norak momentu horretan jakingo du bere taldekideak azpijokoan aritu direla. Honek, gazteen arteko liskarraz gain, Ane eta Peioren artean ere eztabaidak sortuko ditu.
"Irabazi Arte!" euskarazko fikzio berria audientziaren harrera bikaina izaten ari da. Bataz beste, % 4,3ko audientzia-zatia du eta 4 eta 12 urteren arteko umeen artean liderra da, % 35,3ko kuotarekin.
Telebistako emanaldiarekin bat eginez, Arene eta Nora protagonistek "Irabazi Arte!" podcasta eskaintzen dute EITBPodkast atarian. Fikziotik errealitatera salto egin eta bi pertsonaiek egungo podcast formatuak ematen dituen aukerak ikusita, euskal kirolariak gonbidatu eta haiekin solasean arituko dira ostiralero. Aste honetan, Nadeth Agirre Orioko patroia izango dute gonbidatu.
Telesailak emakumezkoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte; hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak islatuko dituzte.
"Irabazi Arte" ostiralero dago ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.