Itxi

Itsasontzi baten

Itsasontzi baten

Itsasontzi baten

22:00etan

Plentziatik Getariara, gaur, 'Itsasontzi Baten' saioaren azken atalean

EiTB

Pilartxo azkenekoz hartu eta Getariara itzuliko dira, bidaia hasi zen lekura, uda hasieran hasi zen abenturari agur esateko.

0:21

Bidaiarik politenek ere amaiera izan ohi dute. Gaur, irailak 24, Ibon Gaztañazpik eta Maitena Salinasek azken abentura biziko dute Pilartxo ontziarekin 'Itsasontzi Baten' saioan. Azken atal honi Plentzian emango diote hasiera protagonistek, eta abiapuntu izan zen Getariaraino eramango ditu itsasontziak azkenekoz.

Plentzian, Josemirekin elkartuko da Ibon Gaztañazpi. Gonbidatuak herriak bizitako arrantzarako ohituraz hitz egingo du. Maitena ez da geldirik egongo bitartean, eta piraguan ibiltzen saiatuko da neska talde batekin. Ikusteko dago ea busti gabe amaitzeko gai den!

Oso hurbil, Gorlizen, bapo jateko aukera izango dute beste behin gure bi protagonistek. Hondartzape jatetxean, Jonek eta bere familiak egundoko bazkaria eskainiko diete. Agurra xamurragoa izan dadin primerako plana!

Hortik, Pilartxo lagun, Gaztelugatxera joango dira. Ibonek urpekaritza egiteko aukera izango du han, eta urpean dagoen Ama Birjinaren irudi harrigarriak eskainiko dizkigu.

Ondoren, eskailerak igo eta Gaztelugatxeko Done Joane ermitan afari xume baina berezia egingo dute biek, eguzkiaren azken izpien artean.

Bigarren eguna, berriz, Deban igaroko dute. San Roke jaietan murgilduko dira Ibon eta Maitena. Bertako entzierroa, prozesioa eta jai egitarauak eskaintzen dituen gainerako ekitaldiak gertutik biziko dituzte.

Amaitzeko, Pilartxo azkenekoz hartu eta Getariara itzuliko dira, bidaia hasi zen lekuraino, uda hasieran hasi zen abenturari agur esateko.

Hau, eta gehiago, gaur, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en.