Itxi Liburuak
22:30ean
Iker Galartza eta Frantziako Tourra, gaur gauean, "Itxi Liburuak" saioan
EITB Media
Txirrindularitzak eta bereziki Frantziako Tourrak euskaldunongan pizten duen pasioa izango da aste honetako ikasgaia. Hori jorratzeko, txirrindulari, kazetari, zale zein adituen laguntza izango du Galartzak.
Gaurko "Itxi Liburuak" saioan txirrindularitza eta, zehazki, Frantziako Tourra izango dituzte mintzagai. Bereziki, Tourrak euskaldunongan pizten duen pasioa izango da ikasgai berria eta Iker Galartza aktoreak izango du, oraingoan, irakasle postuan jarri eta gaia kontatzeko erronka.
Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, txirrindularitza itzuli handienarekin zerikusia duten istorio eta bitxikeriak ezagutzeko aukera izango du. Frantziako Tourra bizikleta gainetik eta errepide ertzetik bizitzeko tartea izango da; eta, horretarako, txirrindulari, kazetari, zale zein adituen laguntza izango du Galartzak. Hala, saioan izango dira Xabier Usabiaga, Arritxu Iribar, Joseba Beloki, Marino Lejarreta, Martxel Toledo eta Ander Izagirre.
Ondoren, munduko kirol ikuskizunik handienetako baten inguruan ikasitako guztia ikasleei azaldu beharko die Iker Galartzak, baina ez edonola. Beti erakutsi ohi duen umorea nahikoa izango al da Frantziako Tourraren orrialde garrantzitsuenak modu erakargarrian irakasteko?
"Itxi Liburuak" saioa ostegunetan dugu ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.