Izan Ginelako
22:30ean
"Izan Ginelako" saio berriaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB MEDIA
Lehen atala Verdesen inguruan arituko da, denbora luzez liburu-denda, inprimategia eta, aldi berean, euskal kulturaren babeslekua izan zenaz.
Gaur gauean, "Izan Ginelako" saio berria estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en, ordutegi nagusian. Zer dakite gure bilobek euren erroei buruz? Ba al dakite zein den Euskal Herrian gure aitona-amonek utzi diguten ondarea? Josune Ariztondok aurkeztuko du saioa, euskal kultura eta hizkuntza-politika ondo baino hobeto ezagutzen baitu. Hala, gure historiaren eta gure izateko eta bizitzeko moduaren berri emateko, Euskal Herriko historian barrena hainbat ikuspuntu aztertu eta zenbait bizilagunen testigantzak jasoko ditu saioak.
"Izan Ginelako" programan, bidaia pertsonala egingo dute, bilobek beren arbasoak hobeto ezagut ditzaten. Gure herrialdeko testigantza zirraragarriak, nostalgia eta historia batzen dituen saioa da hau. Eta, batez ere, gure adinekoen zeregina balioesten du, are gehiago covid-19aren krisiaren ondoren.
Saioaren lehen atala asteazkenean, urtarrilak 13, eskainiko da, eta Verdes liburu-dendaren ingurukoa izango da. Liburu-denda, inprimategia eta, aldi berean, euskal kulturaren babesleku bat izan da Verdes ehun urte baino gehiagoz. Gerra aurrean eta gerra ostean isilpeko topagune eta erreferente bat izan da XX. mendeko abertzale, euskaltzale eta euskal idazle nabarmenetakoentzat. Emeterio Verdes Atxirikaren agintean, debekatutako liburuak inprimatzen ziren bertan; gehienak, euskaraz. Hala ere, ez zen klandestinitate bakarra, Alava Sareak Verdes liburu-dendaren atzeko partea ere erabiltzen baitzuen bere joan-etorri guztientzako. Izan ere, Alava Sareko bat, Tere Verdes, ugazabaren alaba zen.
Bilbon kokatutako liburu-denda honen historia sakonago ezagutzeko, Anne Igartiburu Verdesekin, Emeterioren birbilobarekin, luze hitz egingo dute programan. Saioko beste protagonista bat Mitxel Verdes izango da, familiaren oinordekoa eta Anneren lehengusua. Verdesen atzean ezkutatuta dauden trikimailu guztiak zehatz-mehatz jakiteko eta Euskal Herrian izan duen garrantzia ondo ulertzeko, hainbeste aditurekin izango da saioa: Andres Urrutia euskaltzainburuarekin; Joseba Agirreazkuenaga Historia Garaikideko katedradunarekin (EHU); Begoña Bilbao Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle-ikerlariarekin (EHU); Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta Angel Zelaieta Verdeseko lankide ohiarekin.
"Izan Ginelako" saio berria gaur estreinatuko da, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Bigarren atala, Ballet Olaeta izenekoa, hurrengo asteazkenean izango da ikusgai, urtarrilaren 20an.