Itxi

Eusko Label Winter Series

Eusko Label Winter Series

Eusko Label Winter Series

Zesta-punta

Jai Alai Winter Series eliteko zesta punta txapelketa, astelehenero, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

16 puntistek parte hartuko dute urriaren 31n hasi, eta otsailaren 19ra arte iraungo duen txapelketan. Xabier Euzkitze eta Ane Muruamendiarazek egingo dute kontakizuna, eta Jokin Arbe eta Ibon Aldazabal adituak izango dituzte lagun.

  • Jai Alai Winter Series txapelketan parte hartuko duten puntistak.

    Jai Alai Winter Series txapelketan parte hartuko duten puntistak.

Urriaren 31tik aurrera, EITBk Jai Alai Winter Series txapelketa eskainiko du astelehenero. Orain arte edizio bakarra egin den arren, ospe eta prestigio handia hartu du txapelketak, eta EITB, berriz ere, eliteko zesta puntaren erakusleiho izango da, torneoari babes osoa emanez.

Gernikako Jai Alai pilotalekuan jokatuko da txapelketaren bigarren edizioa ere, 16 jardunaldi izango ditu, lau hilabetez luzatuko da, eta otsailaren 19an bukatuko da. ETB1ek eta eitb.eus-ek 22:30etik aurrera eskainiko dituzte partida guztiak. Norgehiagokak astelehenetan jokatuko dira, igandea den otsailaren 19ko finala izan ezik. EITB Mediak bere baliabide tekniko eta profesionalak bideratuko ditu kirol emankizun bat baino askoz gehiago eskaintzeko.

Xabier Euzkitzek eta Ane Muruamendiarazek gidatuko dute emanaldia, eta Jokin Arbe eta Ibon Aldazabal zesta adituek ere hartuko dute parte kontakizunean.

Jokin Arbe, Xabier Euzkitze, Ibon Aldazabal eta Ane Mururamendiaraz.

Jokin Arbe, Xabier Euzkitze, Ibon Aldazabal eta Ane Mururamendiaraz.

Winter Series txapelketaren 2. edizioa

Winter Seriesek gazteen aldeko apustua egingo du aurten, eta 16 izango dira parte hartuko duten puntistak; hau da, iaz baino lau gehiago. Puntisten erdiak, gainera, Iparraldekoak izango dira.

Lehenengoz jokatuko dute Thomas Urrutia eta Aimar Aldazabal Winter Series Pro-Am txapelketako irabazleek, gonbidatuak izan diren Johan Sorozabal (Biarritz, 21 urte) eta Julen del Rio (Gasteiz, 25 urte) puntistek, baita Jon Tambourindeguy eta David Minvielle Iparraldeko bikoteak ere. Azken horiek ezagunak dira zesta punta munduan eta esperientzia handia dute goi-mailako lehiaketetan.

Egungo txapeldunek, Erkiagak eta Zabalak, txapela berresteko aukera izango dute, eta elkarrekin jokatuko dute berriro. Gainerako pilotariak ezagunak dira: Goikoetxea, Etcheto, Beaskoetxea, Lopez, Barandika, Lekerika, Olharan eta Basque.

Jai Alai Winter Series txapelketako puntistak

Jai Alai Winter Series txapelketako puntistak

Multzoak eta lehen partida

Puntistak bi multzotan banatuta egongo dira. A multzoa osatuko dute: Barandika-Lekerika, Erkiaga-Zabala, Olharan-Basque eta Urrutia-Aimar bikoteek; bestalde, B multzoan lehiatuko dira Beaskoetxea-Lopez, Goikoetxea-Etcheto, Tambourindeguy-Minvielle eta Johan-Del Rio bikoteak.

Astelehen honetan, Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika bikoteek jokatuko dute txapelketari hasiera emango dion partida.

A multzoa:

Barandika - Lekerika

Erkiaga - Zabala

Olharan - Basque

Urrutia - Aimar

B multzoa:

Beaskoetxea - Lopez

Goikoetxea - Etcheto

Tambourindeguy - Minvielle

Johan - Del Rio