Itxi

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

22:30ean

Kuadrillako plater gustukoena eta amonaren errezeta, gaurko "Jateko Modukoa" saioan

EITB Media

Imanolek, Enekok eta Unaik Mireia gonbidatuarentzat kozinatuko dute Klaudio Landak aurkeztutako saioan.

Jateko Modukoa

Gaur gauean, ikusgai izango da "Jateko Modukoa" saioaren zortzigarren atala. Bertan, Imanol, Eneko eta Unai izango dira Mireia gonbidatuarentzat kozinatuko duten sukaldariak. Mireiak menu osoa dastatzeko aukera izango du: lehen bi platerak, berak proposatutakoak, eta postrea, sukaldari bakoitzaren aukerakoa.

Mireiak ez die lan erraza jarriko sukaldariei: lehen errezetarako, kuadrillarekin astero-astero jaten duen plater klasikoa eskatuko die, eta bigarrenerako, berriz, amonak etxean prestatzen dien plater izarra. Sukaldariek zailtasun batzuei aurre egin beharko diete; izan ere, errezetarik gabe kozinatu beharko dute. Enekok hasieratik utziko ditu guztiak zur eta lur; sukaldean zein sukaldetik kanpo, ezusteko bat baino gehiago emango baitie. Tipula mozteko teknikarik onena ere irakatsiko die, besteak beste.

Postreak, berriz, sukaldariek etxetik ekarritako errezetarik onenak izango dira. Beste kontu bat da Mireiaren gustuko zerbait prestatuko ote duten.

Bestalde, gonbidatu gisa, Mireiak erabakiko du nor den lehen begi kolpean gehien gustatu zaiona, eta ez hori bakarrik; bigarren platera kozinatzen duten bitartean, sukaldariek hitzordu bana izango dute berarekin, eta iritziz aldatu ote duen ere erabaki beharko du.

Plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta ebaluatu beharko du dena Mireiak. Amaieran, jatekoa prestatu duten hiru sukaldarien artean, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duena hobeto ezagutzeko aukera izango du afari batean. Bertan, biek jakingo dute ea Mireiari gehien gustatu zaion sukaldaria izan den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona. Bat egingo dute, ala beste bat izango da janariaren bidez gonbidatua konkistatzea lortuko duena?

"Jateko Modukoa" saioa, gaur gauean 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.