Kulturunea
Kontzertuak
Mikel Erentxun eta Moonshine Wagon, "Kulturunea" saioko kontzertuetan
EITB
Ilaski Serranok 23:25etik aurrera aurkeztuko ditu emanaldiak gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en.
-
Mikel Erentxun "Kulturunea" saioan. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Gaur gauean ETB1ek eta eitb.eus-ek bi kontzertu berri eskainiko ditu "Kulturunea" saioaren eskutik. 23:25etik aurrera, Ilaski Serranok Mikel Erentxunen eta Moonshine Wagon taldearen emanaldiak aurkeztuko ditu.
Mikel Erentxun abeslari, musikari, konpositore eta sortzailea Donostiatik dator. Duncan Dhu taldean bost disko arrakastatsu argitaratu eta ehunka kontzertu eman ondoren, Mikelek bakarkako ibilbideari ekin zion.
Mikel nekaezina errepidean dabil beti, eta formatu ezberdinetan eskaintzen ditu kontzertuak, garaietara egokitzeko. El último vuelo del hombre bala, 2019an kaleratua, bere hamabosgarren diskoa da. Lan berri horrekin, Paco Loco Cadizeko ekoizlearekin egindako trilogia osatu nahi du Mikel Erentxunek. 2015ean Corazones eta 2017an El hombre sin sombra argitaratu zituen, publikoak eta kritikak goratutako albumak. Bi lanak album onenaren Rock kategorian izendatu zituzten, Latin Grammy sari ospetsuetan.
Moonshine Wagon Euskal Herriko bluegrass talde bat da. 2013tik dabiltza munduan zehar bidaiatzen, gehien gustatzen zaiena egiten, The Wagon izeneko autokarabanan. Zuzenean energia agortezina eta kutsakorra zabaltzen dute.
Gaur egun, Goiatz Duttok (biolina, mandolina eta ahotsa), Lander Louridok (gitarra eta ahotsa) David Sanchez Dagda-k (banjoa eta buzukia) eta Victor Martinek (baxu bertikala) osatzen dute taldea, baina bi edo hiru piezako banda bezala ere jotzen dute. Iaz Straight From The Mud izeneko hirugarren diskoa atera zuten, eta Europan eta Amerikan aurkeztu dute 2019an eta 2020an. Mila kontzertu baino gehiago eman dituzte 20 herrialde baino gehiagotan bost urtetan.
"Kulturunea" kontzertu sorta astelehenero, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.