Natura Bizia
22:30ean
Euskal biodibertsitatean zehar, 'Natura bizia' filmarekin, gaur, ETBen eta eitb.eus-en
EITB Media
EITBren parte-hartzearekin filmatu du dokumentala Lexeia Larrañaga zuzendariak.
Natura bizia filma, Hego Euskal Herriko biodibertsitateari buruzko pelikula dokumentala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur, 22:30etik aurrera. EITBren parte-hartzearekin filmatu du dokumentala Lexeia Larrañaga zuzendariak.
Kantauri itsasoko ur hotzetatik, Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara, gure naturan barrena bidaia zirraragarria proposatzen du filmak. Itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak eta beste hainbat paraje zoragarri bildu ditu Lexeia Larrañaga zuzendariak 81 minutuko pelikulan.
Irudi harrigarriok lortzeko, 280 egunez, besteak beste, Barrikan, Urdaibain, Zumaian, Hondarribian, Urkiolan, Gorbeian, Aizkorrin, Aralarren, Toloñon, Iratin, Bardean, Irunberrin, Salvadan eta Salburuan grabatu dute.
Gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk ezagutzeko bidaia zoragarria, gaur, 22:30ean, ETB1n eta eitb.eus-en.