Itxi

Naufragoak

Naufragoak

Naufragoak

22:30en

"Naufragoak" abentura realityaren estreinaldia, gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Karibe itsasoan galdu ondoren, bizirauteko erronka gogorrei aurre egin beharko dieten lehiakideen gorabeherak dakartza saioak, Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuta.

  • "Naufragoak" saioaren irudia

    "Naufragoak" saioaren irudia

Gaur gauean, "Naufragoak" abentura reality berria estreinatuko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek 22:30etik aurrera. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko duten saioak astero ekarriko dizkigu Karibe itsasoan galdu ondoren, bizirauteko erronka gogorrei aurre egin beharko dieten lehiakideen gorabeherak.

Abentura ikusgarri honetan, zazpi bikotek eta bakarka arituko diren lau lehiakidek hartuko dute parte. Karibe itsasoak paradisuzko harea zuridun hondartzak ekartzen dizkigu gogora, baina urakanez eta arriskuz beteriko itsasoa da. Ur bero eta arriskutsu horietan kokatuta dauden zazpi uhartetan zehar, Karibean galduko diren reality berriaren protagonistek bizirauteko joko eta proba gogorrei aurre egin beharko diete.

Lehen atalean, itsasoan galdu diren lehiakideak lehorrera heldu beharko dira bizirik jarraitu ahal izateko. Hala ere, abentura guztian zehar ezagutuko duten lehen uhartera heltzerakoan, ezusteko bat izango dute zain: lehenengo abordatzea.

Euskaraz egindako ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustu berri hau "El Conquistador del Caribe" saio arrakastatsuaren sortzaileen eskutik datorkigu: Hostoil Produkzioak.

"Naufragoak Bitakora" saio bereziak eta presentzia nabarmena sare sozialetan

"Naufragoak" realitya asteartetan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, baina astelehen, astearte eta asteazkenetan, 15 minutuko "Naufragoak Bitakora" saio bereziak eskainiko dira "Biba Zuek!" eta "Mihiluze" saioen aurretik. Bertan, momentuan momentuko informazioa eta material esklusiboa bilduko dute Iñigo Vicensek eta Izaro Bereziartuak. Halaber, reality berriak asteroko tarte berezia izango du "Biba Zuek!" saioan, baita Gazteako "Dida!" irratsaioan ere.

Bestalde, "Naufragoak" saioak presentzia nabarmena izango du sare sozialetan. Izaro Bereziartua influencerrak Twitter, Instagram eta TikTok kontuak eduki bereziekin beteko ditu abenturak aurrera egin ahala. Halaber, eitb.eus-en, saioaren hainbat eduki izango dira ikusgai, baita lehiakideen informazio guztia ere. EITB Nahieran atariak  realityaren atal guztiak eskainiko ditu.

"Naufragoak" sareetan:

Twitter: @naufragoak_eitb

TikTok:  @naufragoak_eitb

Instagram: @naufragoak_eitb