Oholtzan
22:30ean
Adarra saria jasotakoan Amaia Zubiriak eskainitako emanaldia, gaur gauean, "Oholtzan" saioan
EITB Media
Joan den ekainaren 21ean jaso zuen kantariak 2021eko Adarra Saria Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta kontzertu berezia eskaini zuen bertan musikari eta artista bereziz inguratuta. Sari-banaketa ekitaldia eta emanaldia ikusteko aukera izango da asteazken honetan, "Oholtzan" saioan.
2021eko Adarra Saria jasotakoan Amaia Zubiriak emandako kontzertu berezia eskainiko du gaurko "Oholtzan" saioak. Ekainaren 21ean jaso zuen kantariak omenaldia, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta sari banaketa ekitaldia eta ondoren taularatutako emanaldi berezia ikusteko aukera izango dugu ETB1en eta eitb.eus-en.
Amaia Zubiriaren ibilbideaz gain, euskal musikaren alde egindako lana ere goraipatu zuten ekitaldi horretan; eta, saria jaso ostean, kontzertu berezia eskaini zuen Zubiriak, hainbat musikariz eta artistaz inguratuta: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne...
Zenbait kolaborazio ere izan ziren, tartean Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega eta Edorta Amurua Zubiria Amaiaren semearekin, zein Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariekin.
Kontzertuan, besteak beste, "Paradisu bat", "Mami xuri", "Ezin zen eta ez giñen", "Estigma beltza", "Lua lua" eta "Amonaren mengantza" doinuak izango dira entzungai.
Adarra Saria
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak sortu zuten Adarra Saria 2014an, urtero euskal musikaren arloan garrantzia edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko. "70eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian Zubiriak, eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan. Kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute", azpimarratu zuten aurtengo sariaren irabazlearen berri emandakoan.