Itxi

Piztu Telebista

Piztu Telebista

Piztu Telebista

22:30ean

"Piztu Telebista"k denboraldi berriari ekingo dio gaur gauean

EITB Media

Euskal Herriko familiek telebista nola ikusten duten erakusten duen saioa indartuta itzuliko da ETB1eko programaziora aurreko denboraldian izandako arrakastaren bermearekin eta aurpegi berriekin.

0:31
Leo, Kora eta Maroa

Aurreko denboraldian izandako arrakastaren bermearekin eta aurpegi berriekin itzuliko da ETB1eko programaziora "Piztu Telebista" saioa. Astero, Euskal Herriko zortzi familiaren egongeletan sartuko da programa, eta telebista nola ikusten duten erakutsiko du.

Euskal gizartearen aniztasunaren erakusleiho izan asmoz, denetariko familiak ikusiko ditugu euren etxeetako egongelan telebistari begira. Albiste, erreportaje, lehiaketa, dokumental, kirol saio, telesail, reality eta telebista magazinen aurrean euren komentario, erreakzio eta eztabaiden kontakizuna bilduko du saioak, freskotasunez, naturaltasunez eta tonu umoretsuan. 

Bueltan izango dira, besteak beste, Felitxu, Mari Jose eta Irune, Mutrikuko hiru emakume saltsera eta berritsuak; Oiartzungo Kris eta Luis Mari Zabala anai-arreba bikiak; Ander Malbadi eta Ander Dorronsoro, Albizturretik Donostiara etorritako aspaldiko lagunak; Eneko eta Danel Iruñean bizi den bikote gaztea; Zarauzko Ameztoitarrak, hiru belaunaldiko bost kidez osatutako familia, eta Arrasaten bizi diren Nourdine eta Halima anai-arrebak.

"Piztu Telebista"ko protagonista berriak izango dira Leo, Kora eta Maroa Gasteizko hiru lagunak, eta Eider eta Eneritz bermeotar gazte saltserak.

Guztiek saio berak ikusiko dituzte, baina telebista aurrean egoteko duten ohitura eta jarrera ezberdina izango da kasu bakoitzean. Familia arteko harremanen bitartez, pertsona horiek hurbilago ezagutzeko aukera izango dugu asteak aurrera egin ahala.

"Piztu Telebista" asteazkenero izango da ikusgai 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.