Itxi

sautrela

Literatura

Oier Guillanen 'Mr. Señora' protagonista, gaur, 'Sautrela'n

EITB

Erein argitaletxeaz arituko dira eta Juan Luis Zabalak Mikel Tabernaren Txokolatezko dinamita liburua ekarriko du gogora, 15:00etan hasita,.

3:43

Oier Guillan sortzaile oparoa dugu, batez ere antzerkigintzan eta poesian nabarmendu dena, eta aste honetako protagonista izango da 'Sautrela' saioan. Izan ere, iaz argitaratu ziren liburuen arteko aipagarrienetako bat izan da bere Mr. Señora. Bertan, azken urteotako antzerki lan batzuk bildu ditu, denak ere testu aski interesgarriak dituzten obrak. Guztietan sumatzen da hizkuntzaren gaineko lanketa berezia, hizkuntza-jolasak eta abarrekoak, eta gutxi-asko antzeko gaiak jorratzen dira: genero diferentzia, boterea, gorputzen presentzia... Gehienetan pare bat pertsonaia izaten dira hizlariak, eta beren dialogoak absurdutik franko izan ohi dute. Guillanek, besteak beste, liburua nola osatu duen azalduko du, eta baita ze antzerkigintza mota interesatzen zaion gehien ere.

Erreportajeak euskal argitaletxe garrantzitsuenetako batengan jarriko du arreta, Ereinengan. Izan ere, berriki ospatu du bere 40. urteurrena, eta efemeridearen karira, argitaletxearen ibilbideari errepasoa emango dio. Nola sortu zen Erein? Ze testuingurutan? Zeintzuk izan dira ibilbideko mugarriak? Jexux Mari Mujika lehendakariak eta Iñaki Aldekoa editoreak emango dizkigute horren guztiaren klabeak.

Saioaren amaieran, Juan Luis Zabala etorriko zaigu, ohi bezala iraganeko liburu bat berreskuratzera. Aste honetan, Mikel Tabernaren ipuin liburu bat komentatuko dute, Txokolatezko dinamita. 2001ean plazaratu zuen Susa argitaletxearen eskutik, eta huraxe izan zen Taberna euskal literaturan ezagutzera eman zuen obra.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

g>.