Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Erle Robotics enpresako robotak, aste honetako 'Teknopolis'en
EITB
Horrez gain, apirileko argazki lehiaketako irabazlearen izena emango du saioak.
-
Iñaki Leturia, Teknopolis
Aste honetako 'Teknopolis' saioak Araban hasiko du bidaia, eta Erle Robotics izeneko enpresa batera joango dira. Baina ez da edozelako enpresa: robotak egiten dituzte, droneen edo roverren gisakoak. Robot horiek filosofia aske batekin garatzen dituzte gainera, hau da, software eta hardware askean oinarrituta. Haien gailuak eta filosofia gertutik ezagutuko ditu saioak.
Ondoren, Bizkaiara egingo dute bidaia: Leioako sukaldaritza eskolan etorkizunerako harakinak prestatzen dituzte, eta bideojoko batekin ari dira trebatzen. Bideojokoa Tknika ikerketa zentroan garatu dute, eta, besteak beste, ikasleek labana birtual batekin praktikatu dezakete benetako piezekin lanean hasi aurretik.
Horrez gain, Bilboko Plaza Barrian izango da 'Teknopolis'. Larunbatean, Elhuyarren Zientzia Azoka ospatu zen bertan, eta kurtsoan zehar gazteek prestatutako ikerketa-lanak eta proiektu teknologikoak ezagutzeko aukera izan zuen saioak, haien azalpenekin, gainera.
Amaitzeko, hilaren bukaeran gaudenez, argazki-lehiaketaren apirileko irabazlea nor izan den jakitera emango dute. Proposatutako gaia 'arkitektura' zen, eta oso partehartze handia izan dute, eta argazki zoragarriak jaso dituzte. Horien lagin bat ere eskainiko du saioak bideoklip eran.
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da, 13:30etik aurrera, ETB1en, eta igandean, 09:30ean, ETB2n.