Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Zeruari begira jarriko da, aste honetan, 'Teknopolis'
EITB
La Otra Mitad astronomia taldeko kideekin arituko dira, eta horrez gain, satelite bidezko kokapena ahalbidetzen duten sistemak ezagutuko dituzte.
-
Hodeiak
Nor ez da liluratuta gelditu zeru izartuari begira? Ez dago astronomo profesionala izan beharrik handitasun horrek erakarrita astronomia afizio izateko. Araban, Izkiko parke naturalean, La Otra Mitad astronomia-elkarteko kideak zerua behatzeko elkartzen dira, eta beraiekin arituko da aste honetako 'Teknopolis'. Haien hitzetan pasioa da astronomia, eta bakoitzak astronomiaren zer alderdi gustuko duen azalduko dute: Ilargiaren geologia, galaxia eta nebulosei argazkiak ateratzea, kometak ikustea... Horretarako teleskopio berriak dituzte, eta ateratzen dituzten argazkiak ikusgarriak dira benetan.
Eta zeruari begira jarraituko du aste honetako saioak, satelite-konstelazio bat helburu. Satelite artifizialak dira, erabilera oso praktiko baterako diseinatuak. Satelite bidezko kokapena eguneroko bizimoduaren parte bihurtu da. Telefonoetan, autoetan, hegazkinetan, trenetan, barkuetan eta beste ehunka aplikaziotan erabiltzen dugu.
Estatubatuarren GPS eta Errusiarren GLONNAS sistemei GALILEO sistema europarra gehitu zaie orain. Urtebete luze darama proba-fasean eta aurten izango da guztiz operatiboa.
'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai 13:30ean ETB1en eta eitb.eus-en, eta igandean ordu berean ETB2n, baita eitb.eus-en ere.