Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Birusak beste ikuspegi batetik aztertuko dituzte, aste honetan, "Teknopolis" saioan
EiTB
Koronabirusaren gaineko informazioa landuko du saioak eta ohikoa ez den ikuspegi batetik aztertuko du COVID-19a eragiten duen birusaren eragina eta jatorria.
-
Koronabirusa. EiTBko bideo batetik lortutako irudia.
Koronabirusa gelditzeko esperantzan, etxean geratu gara. Eta batek baino gehiagok pentsatuko du: eraginkorra izango ote da etxeko egonaldia? Aste honetako "Teknopolis" saioan, iragarpenak nola egiten diren eta zer fidagarritasun duten erakusten saiatuko dira. Etengabeko informazio-uholdearen erdian, bestelako eztabaidagai batzuk ere azalaraziko ditu saioak; adibidez, koronabirusak emakumeei eta gizonei desberdin eragiten diela azalduko dute.
Gainera, COVID-19a eragiten duen birusa (SARS-Cov-2) ez da animalietatik pertsonetara igaro den lehenengo birusa, ezta azkena izango ere. Adierazpen horren testuingurua ulertzeko, alor ezberdinetako adituen ahotsa jasoko dute: Miren Basaras (EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila), Jesse Barandika (Neiker-Tecnalia), Ana García-Pérez (Neiker-Tecnaliako Animalien Osasuna Saila) eta Xeider Gerrikagoitia (Neiker-Tecnaliako Animalien Osasun saila).
"Teknopolis" gaur izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu daitezke.