Itxi

Tumatxak

22:15ean

Bilboko Kafe Antzokiari buruzko 'Tumatxak', gaur gauean, ETB1en

A.E.|EiTB

Kafe Antzokiak 20 urte bete berri dituela eta, euskara eta euskal kulturaren epizentro bihurtu den erakundea sakonago ezagutuko du saioak, JulenTelleria aurkezlearen eskutik.

0:21

Bilboko Kafe Antzokiak 20 urte bete berri ditu. Efemeride biribila aitzakia hartuta, 'Tumatxak' saioaren atal honetan Bilboko erdigunean euskara eta euskal kulturaren epizentro bihurtu den erakundea sakonago ezagutzeko aukera izango dugu, Julen Telleria aurkezlearen eskutik.

1995eko abenduaren 15ean zabaldu zituen lehen aldiz ateak Bilboko Kafe Antzokiak, Zenbat Gara elkartearen ekimenez. Egitasmo horren iturburua, ordea, aurrez Kale Nagusian Gabriel Aresti euskaltegia sortu zuten irakasle eta euskaltzale taldean topatuko dugu. Teo Etxaburu ekintzaile ondarroarraren gidaritzapean ereindako euskalgintzaren hazia sendo errotu zedin, hurrengo urratsa eman zuten: euskaltegiaz harago, euskal giroko kultura eta musika ekimenak bultzatuko zituen topaleku bat sortzea Bilbo erdian. Horretarako, San Vicente zinema areto zaharra goitik behera zaharberritu eta bost solairuko eraikinean gauzatu zuten euskaltzale aitzindari haiek euren egitasmoa: taberna-jatetxea, kontzertu aretoa, euskaltegia eta Bilbo Hiria Irratia batzen dituen egoitza.

Etxaburuk berak, Kafe Antzokiko programazioa eta irratia hainbat urtez kudeatu duen Josu Zabala musikariak eta gaur egun aretoko arduraduna den Mikel Urbeltzek josiko dute kontakizuna, Roberto Moso eta Fermin Etxegoien kazetarien laguntzarekin, besteak beste. Bilboko Kafe Antzokiaren garrantziaz gogoeta egingo dute guztiek.

Baina Kafe Antzokiaren arrakastaren eragile izan ditugu azken bi hamarkada hauetan bertako oholtzara igo diren artistak ere. Euskal Herriko zein kanpoko taldeek kultur amaraun zabala sortu dute 20 urteotan zehar, Bilboko Kafe Antzokiaren inguruan. Hastapenetatik bidelagun leiala izan da, esate baterako, Oskorri taldea; Bixente Martinez kidearen eskutik gogoratu dituzte hasierako garaiak. Harrezkero, Kafe Antzokiaren ibilbide joriaren lekuko izan dira beste asko: Rafa Rueda, Alex Sardui, Zuriñe Hidalgo, Enrique Villarreal 'El Drogas', Belako... Guztiek ekarritako pasarte, hausnarketa eta anekdotekin osatu dute Bilboko Kafe Antzokiaren 20. urteurreneko kronika.

'Tumatxak' asteartean izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en.