Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Aste honetan

Eskia, irratia eta XVI. mendeko baleazaleak, protagonista, 'Txoriene'n

Asteartean, adituen saioan, bitaminak izango ditugu hizpide Jabier Agirre medikuarekin.

  • Zigor Iturrieta sukaldaria

    Zigor Iturrieta sukaldaria

Eskia, irratia eta XVI. mendeko balea-ontziak izango ditugu mintzagai aste honetan "Txoriene" sukalde saioan. Bitaminei buruz ere arituko dira asteartean, nutrizioan adituak hartzen ditugun egunean.

Astelehenero legez, kirolariei saioko ateak irekiz hasiko dugu astea. Oraingoan, Maialen Lopez eskiatzailea hartuko du Zigor Iturrietak 'Txoriene'ko sukaldean. Irungo eskiatzaile honen eguneroko bizimodua ezagutuko dugu, bere kirol ibilbidea errepasatuko dugu eta momentu honetan dituen helburuez arituko gara. Bien bitartean hiru plater prestatuko ditugu: arto eta arroz makarroiak oilasko eta perretxikoekin Proventzako erara, bakailaoa alberjinia pistoarekin eta oliba beltz ozpin-olioarekin, eta txokolate eta fruitu gorri coulant-a.

Astearteko adituen tartean bitaminak izango ditugu hizpide. Jabier Agirre medikua etorriko zaigu eta bitaminen inguruko ikuspegi orokor bat emango digu. Zer diren, zertarako balio duten eta nondik (ze elikagaietatik) atera ditzakegun kontatuko digu. Bitamina horiek non aurkitu ditzakegun jakiteko taula bat ere egin dute:

Bitamina A - bakailaoaren gibeleko olioan
Bitamina B1 - arrozaren zahian
Bitamina C - zitrikoetan eta janari fresko gehienetan
Bitamina D - bakailaoaren gibeleko olioan
Bitamina B2 - haragian, esnekietan eta arrautzetan
Bitamina E - galorratz olioan eta birfindu gabeko landare olioetan
Bitamina B12 - gibelean, arrautzetan eta animalietatik eratorritako produktuetan
Bitamina K1 - lekaleetan
Bitamina B5 - haragian eta zereal integraletan
Bitamina B7 - haragian, eesnekietan eta arrautzetan
Bitamina B6 - haragian eta esnekietan
Bitamina B3 - haragian eta zerealetan
Bitamina B9 - lekaleetan

Bitaminei buruz aritzen diren bitartean plater hauek prestatuko dituzte: ernamuin zopa arrautza poxatuekin; txahal gibel salteatua espinakekin, mahaspasekin eta pinaziekin, eta limoi pasteltxoak.

Asteazkenean Euskadi Irratiko lankideak izango ditugu gonbidatu, "Amarauna" saiokoak hain zuzen ere. Larunbat, igande eta jai egun goizak alaitzen dizkigu Nagore Telleria, Arantxa Arza, Gorka Otaegi eta Jon Artano laukoteak. Oraingoan sukaldean ere moldatzen dela erakutsi beharko digute eta menu hauxe prestatuko digute: txamar krema arroz frijituarekin; porru bilkariak urdaiazpiko egosiarekin eta zeliakoentzako sagar tarta berezia.

Osteguneko saioa itsas girokoa izango da. XVI. mendeko baleazaleen abenturak izango dituzte hizpide eta horretarako Albaola elkarteko bi lagun gonbidatu dituzte: Xabier Alberdi Albaolako ikertzailea eta Aitor Arregi, Getariako Elkano jatetxeko sukaldari famatua. Pasai San Pedron XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika egiten dihardute eta proiektu horren nondik norakoak eta garai bateko balezaleen bidaiak azalduko dizkigute Albaolako lagunek. Eta bien bitartean, balezaleen menua prestatuko dugu, ezagutu dezazuen orduko itsas-gizonek zer jaten zuten bidaia luze haietan.

Astea amaitzeko, berriz, Astigarragako Kaizoku tabernakoak gonbidatu dituzte 'Txoriene'ko sukaldera. Dagoeneko bi urte joan dira Sara Landak eta Aritz Sánchezek taberna ireki zuenetik eta beraiek izan dira sagardo denboraldiaren hasierarekin batera antolatzen duten Pintxotx lehiaketako irabazleak. Pintxo irabazlea eta tabernan eskaintzen dituzten beste pintxo tentagarri batzuk erakutsiko dizkigute.

'Txoriene' sukalde saioa astelehenetik ostiralera ematen da ETB1en eta eitb.eus-en.