Publizitatea
Itxi

2020/10/26

16:00

Txoriene

Denboraldi berria

"Txoriene" berritua, Jaione Mariezkurrenak eta Zigor Iturrietak aurkeztuta

EiTB

"Km 0" filosofian oinarritutako saioa izango da "Txoriene Jaionerekin eta Zigorrekin", eta produktua kozinatzeko estilo ezberdinak proposatuko dizkigute.

  • Jaione Mariezkurrena eta Zigor Iturrieta, "Txoriene"ko sukaldean

    Jaione Mariezkurrena eta Zigor Iturrieta, "Txoriene"ko sukaldean. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

"Txoriene" sukaldaritza saioaren denboraldi berria abiatu da ETB1en eta eitb.eus-en, berrikuntza handiekin. Hala, aurrerantzean saioak bi aurkezle ditu, Jaione Mariezkurrena eta Zigor Iturrieta, eta programaren izena ere berrituta dator: "Txoriene Jaionerekin eta Zigorrekin" deituko da denboraldi berri honetan. Ohi bezala, astelehenetik ostiralera dago ikusgai, 15:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Jaione Mariezkurrena aspaldiko ezaguna da saioan. Urte askoan Zigorren alboan lanean aritu da "Txoriene"n, gidoilari, aholkulari eta laguntzaile gisa. Oraingoan, kamera aurrean ikusiko dugu egunero, Zigorrekin batera aurkezle lanetan. Baserri mundua ezagutzen duen eta gure produktuak bereziki zaintzen dituen gaztea da Jaione, betiko sukaldaritzaren eta tradizioaren transmisioa jaso duena eta hori eguneratzen lanean aritzen dena.

Beraz, bi aurkezle eta bi sukaldaritza estilo ezberdin izango ditugu udazken honetan, eta sukaldaritza ulertzeko bi modu eskainiko dizkigute: modu tradizionalagoa eta modu berritzaileagoa, biek ala biek "Km 0" produktua oinarri hartuta beti.

Izan ere, "Km 0" filosofian oinarritutako saioa izango da "Txoriene" berria, eta bertan landuko dituzten jakiak gure itsasoan, abeltegietan, ortuetan… bildutakoak izango dira. Bertoko produktuen kontsumoa bultzatzen duen kontzeptu hori gero eta txertatuagoa dugu, eta "Txoriene" saioaren filosofia inoiz baino gehiago izango da "Km0", bertoko eta garaiko produktuari lotuta. Horiek aurkeztu eta balioan jarriko dituzte, eta, ondorioz, produktuaren inguruko informazio zehatza izango dugu denboraldi honetan.

Bi aurkezleen artean erronkaren bat ere ikusteko aukera izango dugu: batek modu tradizionalagoan prestatuko du platera, eta besteak, berriz, modu berritzaileagoan. Beste hainbatetan, halaber, plater bakarra egingo dute, lau eskutara eta estilo ezberdinak uztartuz.

Jaionek egunero tarte propioa du antzinako ezagutzari leihoa irekitzeko, eta, ohi bezala, saioan zehar ez dira faltako aholkuak, bitxikeriak, aktualitateari lotutako edukiak eta, nola ez, umorea, txantxa eta giro ona sukaldean.

Amaiera baratze inguruan egingo dute, eta bertan aurkeztuko dituzte platerak, solasaldian. Garaiko produktuen inguruan hitz egiteko leku aproposa izango da, eta, eguraldia lagun dutenean, kanpoan kozinatzeko aukera ere izango dute.

Aurtengo denboraldian, gainera, 1.300 programa beteko du "Txoriene" saioak, eta, beraz, saio berezia prestatuko dute hori ospatzeko.

"Txoriene Jaionerekin eta Zigorrekin" denboraldi berria astelehenetik ostiralera izango dugu ikusgai, 15:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;