Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Indarkeriaren jabeak' erreportajea, gaur gauean 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

Poliziaren bortizkeriaren biktimak izango dira protagonistak.

0:20

Gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan, Poliziaren bortizkeriaren biktimak izango dira protagonistak, eta Pasaiako badia dokumentala izango da ikusgai ondoren ETB1en.

1984ko martxoan, Pasaiako badian, Espainiako segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistak deituriko talde armatuaren lau ekintzaile hil zituzten. Dokumental horren egileetako birekin izango da Xabier Madariaga: Yuri Agirrerekin eta Xabier Otamendirekin.

1975eko maiatzaren 23an, Koldo Arriola 19 urteko gazteak kurtso amaierako afaria egin zuen ikaskideekin. Guardia Zibilaren kuartel paretik pasatu zirenean gertatu zen dena, minutu gutxitan. Hala gogoratzen du Jose Luis Basterretxeak, Koldoren ikaskide eta haren hilketaren lekuko izan zenak. Iñaki Arriola Koldoren lehengusuak ere buruan ditu egun horiek, senidearen memoria berreskuratzeko lanetan ibili baita ordutik.

1976ko irailaren 8a festa giroan hasi zen Hondarribian, baina eguna ez zen ondo amaitu. Manifestazio baten ondoren, Josu Zabala irundarra tiroz hil zuten Estatuko segurtasun indarrek. Rafa Gonzalezek etxeko balkoitik ikusi zuen dena; guardia zibil bat "Mátalo, mátalo" esanez. Maxuxa Larrarte ere ez zegoen urruti, Hondarribiko portuan gertatu baitzen dena, tabernak jendez lepo zeuden unean.

Martxoaren 3ko sarraskia da saioak jorratuko duen kasurik ezagunena. Gasteizera joan eta Nerea Martinezekin izango da Xabier Madariaga. Nerearen osaba Pedro Mari Martinez zen 1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen hil zituen bost langileetako bat. Felix Placer apaiza gertakizun horien lekuko zuzena izan zen, Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko eliza barruan zegoen Polizia bertara sartu zenean.

Iraganeko kontuak izan arren, elkarrizketatu guztiek oso presente dituzte garai hartan bizi izan zituztenak, besteak beste, gaur egun kasu guztiak artxibaturik daudelako.

Indarkeriaren jabeak, gaur gauean, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.