Ur Handitan
ETB1en, 22:30ean
Zenbait langileren errealitatea, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
A.A.| EiTB
Maiatzaren Lehenaren aitzakian, lan ibilbide erraza izan ez duten zenbait herritarren lekukotasunak bilduko dituzte 'Denak ez du balio' erreportajean.
Maiatzaren Lehena izanik, langileei emango die ahotsa gaurko 'Ur Handitan' saioak. Lan ibilbide erraza izan ez duten zenbait herritarren bizipenak jasoko dituzte eta euren eskubideak aldarrikatzeko aukera emango diete.
Janire izango da Denak ez du balio izeneko erreportajearen protagonista nagusia. Orain dela bost urte hasi zen administrari lanetan enpresa batean. Nagusiarekin eta lankideekin harreman ona izan zuen, hala ere, iaz dena okertzen hasi zen. Amatasun-bajatik buelta egin behar zuenean presio handiak izan zituen ez bueltatzeko eta mehatxuak ere jaso zituen. Eta horrela izan zen, antsietate handiarekin zegoen, bueltatu zenean guztiz baztertu zuten, beste leku batean kokatu zuten eta ez zioten inolako lanik ematen. Elkarrizketa grabatu ondoren prozesu judiziala izan zuen eta, jakin dugun bezala, epaileak Janireren alde epaitza eman du.
2012an garraiolari batek bere buruaz beste egin zuen Zamorako errepide baten bere gainean gasolina bota eta sua emanez. Bost urte beranduago, bere nagusiak ziren bi enpresariei bi urteko kartzela zigorra egotzi dio Auzitegi Gorenak gizon honen suizidioa eta muturreko lan baldintzen arteko lotura egin ostean. Rocio Fernandez bere arreba da eta berarekin egon dira.
Maite Osoro eta Joseba Urkaregi, Eibarko Alfa enpresako langileak dira eta azarotik daude greban. Duela bost urte, 800 langile ziren Alfan, egun 200 inguru. Pertsonalaren murrizketaz gain, lan baldintzek ere beherantz egin dute urteotan. Gainera, abenduan enpresak likidaziorako EREa aurkeztu zuen, 131 langile kaleratzea ekarriko luke.
Maria Solaetxe bilbotarra telemarketing alorreko langilea da. Sektorean diren kondizio eskasen berri emango digu: soldata baxuak, txandakako lanaldiak, presio psikologikoa… Behin, Mariak mezu bat idatzi zuen enpresaren aurka sare sozial batean, eta enpresak zigor bat jarri zion. Epaiketara eramatea erabaki zuen Mariak eta irabazi zuen.
Ez da gogorrak diren alor bakarra, noski; Bego Zearreta zornotzarra geriatria-laguntzailea da, nagusien egoitza batean. Lan jazarpen kontuetan aditua da ere Amaia Mayor, SATSE sindikatuko Bizkaiko idazkaria. Erreta egoteaz gain, erizainek badituzte arazo zein arrisku gehiago: erasoak jaso, gaixoen zein haien senideen aldetik eta, askotan, sexismoa beste profesionalen aldetik, gainera.
Horiek guztiak izango dira protagonista 'Ur Handitan' saioan, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.