Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Homofobia Kenyan, gaur gauean, 'Ur Handitan Atzerrian' saioan

EITB

Kenyan pertsona gay, lesbiana, bisexual eta transgeneroek bizi duten egoera larrian murgilduko da 'Ardi beltzak' atala.

0:29

Sexu bereko pertsonen arteko harremanak legez kanpokoak dira Afrikako 54 herrialdeetako 38tan; Kenyan, esaterako. Kolonialismo garaiko legeek indarrean jarraitzen dute bertan, eta 14 urte arteko espetxe zigorra jaso dezakete gay, lesbiana, bisexual eta transgeneroek. Kenyan dagoen homofobia arazo honetan murgilduko da gaurko 'Ur Handitan Atzerrian' saioa, Xabier Madariaga kazetariaren eskutik.

Kenyako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, 2010 eta 2014 artean delitu hauek leporatutako 595 lagun auzipetu zituzten. Kenyarren % 90entzat "onartezina" da homosexualitatea. Homosexual direla onartzen dutenak etxetik edota lanetik kanporatzen dituzte, eta bazterketara bultzatu.

Gizartean baztertuak diren horiei laguntzeko, larrialdietarako telefono bat dago. Tirop J. Salat aktibistak erantzuten die deiei. Bizitza gogorra izan du berak ere, eta orain arazoak dituztenei laguntzen ibiltzen da telefono zerbitzu horrekin. Berak azalduko digu kolektibo hori zein egoeratan dagoen eta baita berak etxean bizitako esperientzia ikaragarriak ere.

Kwamboka intersexuala da, eta slum edo txabola auzo batean bizi da. Txikitan, ebakuntza egin zioten, neska izaten jarrai zezan. Intersexualen egoera bereziki larria da, eta horren eskutik ezagutuko dugu.

Protagonista hauengana heltzeko, Oskar Epelde kazetaria izango dute bidelagun. Hainbat urte daramatza Afrikan, eta ondo ezagutzen du Kenya ere. Ez da Kenyan bizi den eta saioan parte hartuko duen euskaldun bakarra. Naia Barrenetxea deustuarra duela 12 urte iritsi zen bertara, Afrikan bizitzeko ametsa errealitate bihurtuz. Bertan jaio dira bere bi alabak, Nerea eta Lur, eta erlijioak gizartean, oro har, eta hezkuntzan, bereziki, duen pisuaz hitz egingo digu. Gainera, zinema munduan egiten du lan, eta Rafiki filmeko protagonistetako batekin harremanetan jarriko gaitu.

Bi emakumeren arteko maitasun istorioa kontatzen duen Rafiki filma Cannesen aurkeztu da aurten. Jaialdi honetarako aukeratu duten lehengo film kenyarra izan da. Txalo zaparrada izugarria jaso du Cannesko jaialdian, baina debekatu egin dute Kenyan, maitasun lesbikoa bultzatzen duela argudiatuta. Lan horretako protagonistetako bat elkarrizketatuko du Xabier Madariagak: Sheila Munyiva aktorea.

'Ur Handitan Atzerrian' astearteetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.