Ur Handitan
22:30ean
Feminizidioak Mexikon, gaur gauean, 'Ur Handitan Atzerrian' saioan
EITB
Hildako eta desagertutako neska gazteen amak, emakumeen eskubideak defendatzen dituzten aktibistak eta emakumeen kontrako erasoak onartu dituzten gizonak elkarrizketatu ditu Xabier Madariagak.
Kanta ezagunak dio "Mexiko eder eta maitea…". Norentzat baina? Urtero ehunka emakume hiltzen dituzte Mexikon. Munduan feminizidio gehien dituen herrialdeetako bat da. Nor eta zer dago, ordea, feminizidioen atzean? Egia al da Mexikon matxismoa ia beste inon baino agerikoagoa dela? Edo Mexikon gaur egun duten segurtasun faltak eta biolentzia giroak azaltzen ditu emakumeen hilketak? Gaurko 'Ur Handitan Atzerrian' feminizidioen zero gunean izan da.
Mexikora egindako bidaian hildako eta desagertutako neska gazteen amak, emakumeen eskubideak defendatzeko bizitza arriskuan jarri duten aktibistak eta emakumeen kontrako erasoak onartu dituzten gizonak elkarrizketatu ditu Xabier Madariagak. Feminizidioen drama gertutik ezagutzen duten euskaldunak ere agertuko dira saioan.
Maider Zilbeti 41 urteko donostiarra da. Bere ibilbide profesionalak eta pertsonalak lotura estua izan du feminismoarekin, eta esperientzia hori guztia Mexikoko Gobernuaren zerbitzura jarri du azken sei urteotan. Ez du nolanahiko ardura izan. Orain dela gutxira arte, Berdintasun Unitateko arduraduna izan da Mexikoko Barne Ministerioan. Mexikon emakumeek duten egoera ondo ezagutzen du. Berdintasuna lortzeko hainbat ekimen abiatzen saiatu da azken urteotan, baina Mexikotik itzultzea pentsatzen ari da, egoerak gainezka eginda.
Pakita Andueza orain dela 70 urte jaio zen Lakuntzan, Nafarroako Sakanan, baina 30 urte baino gehiago daramatza Mexikon bizitzen. Margolaria eta poeta da, eta hainbat mugimendu sozialetan hartu du parte. Emakumeen eskubideen aldeko borrokan buru-belarri sartuta dago orain, "feminizidioekin bukatu beharra dagoelako".
Nikola Anakabe lekeitiarra Chihuahua hirian bizi da. Ikus-entzunezko munduan egiten du lan, eta emakume desagertuen kasuak ondo ezagutzen ditu, horri buruzko dokumentalak zuzendu baititu. Desagertuena gai oso larria da Chihuahuan. Mexiko iparraldeko estatu horretan desagertutako jendearen kopurua munduko altuenetakoa da. Askotan, desagertuen kasuek lotura zuzena dute feminizidioekin.
Mexikoko feminizidioak hizpide izango dituen saioa gaur izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera.